Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi du Berrikilan sozietate publikoaren administrazio kontseiluak iazko ekainaren 11n hartutako erabaki bat, Berriozarko kiroldegiko taberna kudeatzeko kontratuan ezarritako klausula batzuengatik. Zehazki, bi atal baliogabetu ditu auzitegiak: batetik, eskakizunetako bat zen kontratua esleitzen diotenak zera bermatu behar zuela: bezeroekiko arretan egongo diren langileek euskaraz komunikatzeko gaitasuna izatea, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren araberako B2 maila egiaztatuta. Horrez gain, tabernaren kudeatzaileak euskarazko komunikabideen presentzia «bermatu» behar zuen (telebista, irratia, prentsa idatzia edo musika).
Navarra Sumaren Berriozarko udal taldeak helegitea jarri zuen, eta koalizio horrek eman du auzitegiaren erabakiaren berri. Jakinarazi duenez, auzitegiak ebatzi du «hizkuntzaren araberako diskriminazioa» dagoela kontratuan. Areago, auzitegiaren arabera, «euskarazko gaitasun linguistikoari buruzko preskripzioak eta baldintzak ordenamendu juridikoaren aurkakoak dira; izan ere, ez Europako, ez [Espainiako] Estatuko ezta foru arauek ere ez dute aurreikusten baldintza diferenteak ezartzea ekonomian edo berrikuntzarekin lotutako arloetan, ingurumenean, gizarte arloetan».
Hedabideen presentziari dagokionez, auzitegiak dio baldintza hori ezartzea «diskriminatzailea» dela kontratu berak ez badu zehazten gaztelaniazko hedabideak edukitzeko derrigortasuna ere.
Navarra Sumak nabarmendu du auzitegiek arrazoia eman diotela koalizioari, «urteak» daramatzalako «EH Bilduren hizkuntza politika sektarioa salatzen». Horregatik, eskatu du beste kontratazio prozesu bat abiatzeko, «berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatuko dituena». Gainera, Raul Maiza alkateari galdegin dio barkamena eska diezaiela deialdian parte hartu ez zutenei. Era berean, PSN, Ezkerra eta Ahal Dugu-ri ere dei egin die, «beharrezkoa den gehiengoa osatu dezaketelako EH Bilduren politika baztertzaileak amaitzeko».