Birusa orain arteko marka guztiak apurtzeko bidean da. Kutsatuen kopurua gora doa etengabe, eta gaur jada 2.000 kasutik gora jakinarazi dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak: 2.042, zehazki. Pandemia osoan atzemandako kutsatu kopururik handienetan bigarrena da hori, iazko urriaren 31n 2.082 izan baitziren: bi egun horietan baino ez ditu gainditu 2.000 kasuak. Bi osasun sistemen arteko batuketak aurrekaririk ekarri ez badu ere, Osakidetzak jakinarazi du inoiz atzemandako positibo kopururik handiena zenbatu duela: 1.583 guztira.
Olatuaren goraldi betean dago Bizkaia, eta bertan zenbatu dira kasu gehien: 873. Horien erdiak zenbatu ditu Gipuzkoak, baina, hala ere, igoerarik nabaritu du herrialdeak: 481. 459 izan dira Nafarroan eta 139 Araban.
Ospitaleetako egoera oraindik «lasaia» dela adierazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta ospitaleratze berrien kopurua «onargarria» dela. Dena den, intzidentzia «egunean-egunean» gora egiten ari dela ohartarazi du, eta horrek eragina du ospitaleetan. Oraindik behin betiko datuen faltan, hemeretzi ospitaleratze izan ziren atzo Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan; 300 ospitaleratuen muga gainditu da, beraz. ZIUetan ere ari dira oheak betetzen: COVID-19az kutsatutako 57 pertsona daude han.
Hildakoen datuak ere gaur jakinarazi ditu Osakidetzak, eta uztailaren 12 eta 18 artean COVID-19az kutsatutako bost lagunek galdu zuten bizia. Denbora horretan, ez zuen hildakorik atzeman Osasunbideak: are gehiago, uztailaren 6tik ez da inor hil birusagatik Nafarroan. Aurreko bi asteetako joera bertsuan dabil hildakoen kopurua: aurrekoan lau izan ziren, eta orain dela bi, sei. Hala ere, jaitsiera nabarmena izan da ekainaren 21eko astetik: orduko hartan birusaz kutsatutako hamalau lagun hil ziren.