Jean Castex Frantziako lehen ministroa Euskal Herrian da, baina euskal prentsak ez du haren bisita segitzeko eskubiderik izan. Atzo jakinarazi zuen Pirinio Atlantikoetako prefeturak Frantziako gobernuburua Baionara etorriko zela txertatze kanpainaren harira Baionako eta Angeluko (Lapurdi) txertaketa zentroak bisitatzeko, eta, ohi bezala, akreditazioak eskatzeko aukera eskaini zien Ipar Euskal Herriko hedabideetako kazetariei. Baina, gaur goizean, kazetariak Baionako Elkartetxera hurbildu direnean, bidea itxi die Frantziako Poliziak.
Esplikatu dutenagatik, Matignonen erabaki dute kazetari kopuru mugatu bati baizik ez baimentzea sarrera; denak Frantziako hedabideetakoak. Hala, kanpoan gelditu dira Euskal Irratiak, EITB, Naiz-Mediabask eta BERRIAko kazetariak. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari dei egin diote, esku har zezan, baina hark erantzun die ez zuela ezer egiten ahal. Protesta batzuen ondoren, EITBko kamera eta Mediabaskeko kazetari bat sartzen uztea erabaki dute, gainerakoentzat ordezkari gisa aritzeko.
Anartean, mobilizazioa antolatu dute EH Baiko kideek, Mespretxurik ez! lelopean. Berrogeita hamar bat pertsona bildu dira elkarretaratzean, Baionako Elkartetxetik urrun, Frantziako Poliziaren harresiaren aitzinean. Poliziaren presentzia «itogarria» salatu du Nikolas Blainek. «Errana zuten ez zutela deus blokeatuko, baina azkenean adierazpen askatasuna ere ukatzen digute». Haren iritziz, «komunikazio kanpaina hutsa da» gaur Castexek egin duena. «Txertatze kanpainaren promozioa egitea Ipar Euskal Herrian, gaur egun, jakinez baduela zenbait hilabete orain gure herrian bizitzeko ere zailtasun guziak ditugula, muga hestea...». Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira pasatzeko diren mugak deitoratu ditu, eta azpimarratu arazorik gabe joan daitekeela Frantziako beste puntara. «Hor ere gure askatasunen murrizketa larria salatzen dugu».
Halaber, azken urteetan mugimendu abertzaleak dituen aldarrikapenei entzungor egiten dietela salatu du. «Hainbat dosier baditugu azken urteetan, izan euskararena edo izan gatazkaren konponbidearena, eta Frantziako Estatuaren erantzun argiak itxarotren ditugu. Beti mespretxuz tratatuak gara, eta hona heldu delarik ere Poliziaren presentzia. Ez da eztabaidarik, ez da elkarrizketarik posible; deus ere ez. Horretan dugu gure kexua. Oroitarazten digu sinpleki nazio zapaldua garela eta ez dugula deusentzat kontatzen». Elkarretaratzearen ondotik, manifestazioan abiatu dira, Frantziako poliziak pusaka eta negar gasarekin blokeatu dituen arte.
Bidea moztu diete @EHBai-ko kideei. Pusaka hasi dira eta gas negar eragilea bota dute @berriapic.twitter.com/JMlts3ziD0
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) July 17, 2021
Max Brissonekin elkarrizketa
Frantziako Gobernuko ordezkariak Ipar Euskal Herrira etortzen direnean, aktualitatean diren gaiei buruz galderak egiteko aukera izan ohi da bertako hedabideentzat. Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazio andana izan da azken hilabeteetan, eta gatazkaren konponbidean urratsak egiteko eskatu dute, behin eta berriz, hainbat eragilek. Baionara etorrita, Jean Castexek horren inguruan adierazpenak egitea espero zen, baina ez da horretarako aukerarik izan.
Baionako Elkartetxetik ateratzean, Ipar Euskal Herriko hautetsiek egin diote harrera Castexi, eta Max Brissonekin izan duen elkarrizketa labur bat izan da gaiari egin dion erreferentzia bakarra. «Gogoan ditut [Frantziako] Senatuan izan genituen eztabaidak», bota dio, hizkuntza gutxituen legearen harira izandako gorabeherei erreferentzia eginez. Pixka bat urrundu, eta honela erran dio: «Aterabidea aurkituko dugu, e». «Hala espero dut», erantzun dio Brissonek.
Premier ministre Jean Castex et ministre du Tourisme Jean-Baptiste Lemoyne sont accueillis par les parlementaires et élus locaux pic.twitter.com/uON24Kg6PR
— Goizeder Taberna (@Taberna_G) July 17, 2021