Koronabirusaren izurria kontrolatze aldera, Eusko Jaurlaritzak gauez kalean ez elkartzeko gomendatu zuen atzo. Neurriak zenbait zalantza sortu ditu udal batzuetan, eta Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, udalei ez zaie eskatzen «gauean izaten diren jende pilaketak kontrolatzea», baizik eta «bizilagunei jakinaraztea zer leku ezin diren erabili denbora horretan».
Jaurlaritzak gauerditik 06:00etara arte bizikideekin bakarrik elkartzea aholkatu zuen, eta jende multzoak ez elkartzeko gomendioa «debeku gisa» hartzeko eskatu. Lehendakariak azaldu duenez, gauerditik aurrera «ezin» da elkarrekin bizi ez direnen bilerak edo pilaketak egitea parkeetan, lorategietan, hondartzetan eta beste espazio publiko batzuetan. Horrekin batera, argitu du udalei zera eskatzen zaiela: «Jende pilaketetarako erabiltzen diren leku jakin batzuk erabiltzeko eta gozatzeko ezarritako ordutegien berri ematea». «Udalerri bakoitzari dagokio hori nola egin nahi duen erabakitzea», gehitu du.
Jendea pilatzen den lekuak kontrolatzea Ertzaintzaren eta udaltzaingoen erantzukizuna dela azaldu du Urkulluk, eta gaineratu du ez dela beharrezkoa toki horiek gauean ixtea: «Inork ez du planteatu hesitu behar direnik, ezta segurtasun sistema jakin bat ezarri behar denik ere».
Ertzaintzak «erantzukizuna eta herritarren laguntza» eskatu du jai giroko ekitaldiak, talde ospakizunak eta jende pilaketak saihesteko. Neurri berriak errespetatzeko, gainera, «laguntza berezia» eskatu die gazteei, kutsatze transmisioa «intentsitate handiko» egoeran dagoelako haien artean.
Ertzaintzak eta udaltzaingoak elkarlanean arituko dira, bereziki jaiegunetan eta jende gehien biltzen den lekuetan, eta «modu berezian» egingo dute lan kalean edari alkoholdunik ez kontsumitzeko. Azaldu dutenez, droga eta alkoholemia kontrolak ere jarriko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko errepide guztietan.