Euskara

Kontseiluak salatu du Eskubide Digitalen Gutunean hizkuntza-eskubideak jasotzeko eskaerei «muzin» egin diela Espainiak

Bederatzi ekarpen edo alegazio zehatz egin zizkion Gutunari Kontseiluak, hainbat eragilerekin batera.

"Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez!" Euskalgintzaren Kontseiluak deituriko manifestazioa, artxiboko irudia. IñIGO URIZ/ FOKU
unai etxenausia
2021eko uztailaren 16a
13:05
Entzun

Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez, Eskubide Digitalen Gutunean hizkuntza-eskubideak jasotzeko eskaerei «berriz ere muzin» egin die Espainiako Gobernuak. Iazko ekainaren 15ean ekin zion gutuna prestatzeari Madrilek, eta urtearen amaieran ekarpenak egiteko aukera zabaldu zuen. Euskararen normalizazioaren aldeko 26 eragilek osatzen duten Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 4an aurkeztu zituen ekarpenak. Ekarpenetan PuntuEus fundazioa eta Elhuyar taldearen laguntza izan zuten, eta horrez gain, bat egin zuten proposamenekin galizieraren eta katalanaren aldeko zenbait eragilek (Plataforma pel la Lengua, Obra Cultural Balear eta A Mesa pola Normalización Linguística).

Kontseiluak uste du Espainiako Gobernuak «beste aukera bat galdu» duela askotan aldarrikatzen duen berdintasuna bermatzeko, eta azken hilabeteotan euskaldunekin eta beste hizkuntza gutxituetako hiztunekin erakusten duten jarrerari lotuta dagoela. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren ustez, Espainiako Gobernuak aurkeztutako dokumentuak ez ditu hizkuntza-eskubideak kontuan hartzen: «Hizkuntza-eskubideen bermea ahalbidetuko edo kontuan hartuko ez duten dokumentuak berdintasunaren kontrakoak direla esan behar zaio Gobernuari».

Gainera, Bilbaok leporatu die aro digitaleko hizkuntza-berdintasunari buruzko 2018ko irailaren 11ko Europako Parlamentuko ebazpen batean ez erreparatu izana, eta gogorarazi die «eskubide digitalak hezkuntza-eskubide» ere badirela.

Kontseiluak helarazitako ekarpenetan hizkuntza-irizpideak kontuan hartzeko eskatzen zitzaion honako esparruetan: berdintasunerako eta diskriminazio-ezarako eskubidea ingurune digitalean, herritarrek bitarteko digitalen bidez parte hartzeko eskubidean; digitalerako eskubidean; herritarren eskubide digitalak administrazio publikoekiko harremanetan; garapen teknologikorako eta ingurune digital jasangarrirako eskubidean; ingurune digitalean osasuna babesteko eskubidean; eta, azkenik, adimen artifizialean.

Kontseiluak salatu du, ordea, aurkeztu berri duten behin-betiko bertsioa, zirriborroa bezain «diskriminatzailea» dela, bai prozeduretan eta bai edukietan hizkuntza-eskubideak «alboratzen» dituelako.

Bilbao oso kritiko agertu da baita Espainiako Gobernuaren adierazpenekin, eta esan du 250 ekarpen izan dituztela eta prozesu parte-hartzailea izan dela esaten duten arren, «inora ez zihoan postontzi batera bidali zituztela Kontseiluaren ekarpenak». Beraz, hurrengo egunotan Madrilen ordezkaritza duten alderdiekin harremanetan jarriko da Kontseilua. Azalpenak eskatuko dizkie Espainiako Gobernuari: «Jakin nahi dugu zergatik irekitzen dituzten parte hartze-prozesuak, ondoren, milioika hiztunen, milioika herritarren alde lan egiten dugun eragileon ekarpenei muzin egingo badiete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.