Etxeratzeko agindua ezarriko dute Nafarroan, intzidentzia handiko herrietan

Foru agindua asteartean kaleratuko da eta uztailaren 29ra arte iraungo du gutxienez. Kalejirak debekatu egingo dira eta kanpoan gehienez hamar laguneko taldeak bil daitezke

Iruñeko terraza bat larunbat gau batean, alarma egoera bukatzear zegoenean. JESUS DIGES, EFE
joxerra senar
2021eko uztailaren 16a
12:58
Entzun

Positibo kopuruaren igoeraren aurrean Nafarroako Gobernuak neurri berriak iragarri ditu. Muturreko arriskua duten herrietan gaueko jarduera mugatuko da: 01:00etatik 06:00etara ezingo da kalean egon; hau da, azken zazpi egunetan 125 kasuren eta azken hamalau egunetan 250 kasuren intzidentzia duten tokietan

Foru agindua asteartean kaleratuko da eta orduan ikusiko da zer herri sartzen diren bertan. Besteak beste, Lesaka, Corella, Cintruenigo, Uharte eta Zizurreko agerraldiak aipatu dira, baina une honetan Nafarroako herrien %80k baldintza hori betetzen duela ziurtatu du Osasun kontseilari Santos Indurainek. Iruñea ere lurraldearen batez bestekoan dago eta hiriburuari ere eragingo lioke etxeratzeko aginduak.

Halaber, jende pilaketak eragozteko asmoz, kalejirak debekatu egingo dira eta kalean gehienez hamar laguneko pertsonak bil daitezke. Indurainen arabera, Lesakako kalejira kutsatze handiko gertaera horietako bat izan da, eta udan halako kasuak errepikatzea galarazi egin nahi dute.

Auzitegiaren eskuetan

Neurri guztiok babes juridikoa izan dezaten, Osasun departamenduak baimena eskatuko dio Nafarroako Auzitegi Nagusiari. Indurainek azaldu du mugikortasunaren mugatzea eskatzeko nahikoa elementu dituztela: «Auzitegi Nagusiari osasun publikoko txostenak ematen dizkiogu bilakaera epidemiologikoari buruz, ospitaleetako egoeari buruz. Egungo egoerari erantzuteko neurriak beharrezkoak dira». Printzipioz, auzitegiaren erabakiaren zain, aginduak uztailaren 29ra arte iraungo du, baina egoera epidemiologikoan aldaketarik ez badago, neurriei eutsi egingo zaio.

Indurainek nabarmendu du udalekin elkarlanean ari direla neurriak nola bete aztertzeko. Atzo bertan bilkura izan zuten Lesakan Bortzirietako alkateekin egoera aztertzeko. «Intzidentzia handiko herri horietan, 01:00etatik aurrera botila festak eta halako egoerak debekatuta egongo dira». Onartu du udal askok ez dutela udaltzainik edo baliabiderik neurria betearazteko eta kasu horietan Foruzaingoarekin lan egingo dela. Dena den, gaineratu du ezin direla toki guztietara iritsi, eta horregatik herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die.

Delta aldaera, %90

Indurainen arabera, uneotan kutsatzeen %90 Delta aldaerak eragin ditu, eta Erresuma Batuko esperientziak erakutsi dienez, «kutsakorragoa» da, eta hilkortasuna handiagoa ez bada ere, intzidentziaren handitzea arriskutsutzat jo du, ospitaleetan ere islatuko delako. Egungo testuinguruan, herritarren %51,4k — 339.232 herritar uneotan— txertoaren bi dosiak jaso ditu, baina eraginkortasuna ez da %100ekoa eta, gainera, oraindik txertoa jaso gabeko pertsonak badirenez, ospitaleetan kasuak «apurka» igotzen hasi dira, baita ZIUko oheak ere.

Horregatik, Osasun kontseilariak azpimarratu du oreka gorde nahi dutela: alde batetik, intzidentzia jaisteko eta gizartearen osasuna zaintzeko «ezinbestekoa den gutxienekoa» egin eta bestetik horrek ahalik eta eragin txikiena izan dezala arlo ekonomikoan, sozialean eta emozionalean.

Gazteei mezua

Indurainei gazteei zuzendu zaie: «20-30 urteko gazteak ZIUn sartu dira, eta horrek esan nahi du bere osasunarentzat arrisku bat dagoela. Horregatik, pentsatzea kutsatzen banaiz arin pasatuko dudala, ez da zuzena. Orokorrean gerta daiteke hala izatea, baina ez da %100 eta batzuk ospitalera doaz. Koadro larriak dituzte pertsona gazteak izan ditugu».

Beste faktore bat. Nafarroan kasuak sei bider handitu dira batez beste, eta agerraldiak izan diren tokietan, zortzi bider gehiago. «Osasun arloko profesionalak atsekabetuta daude, nekatuta, kezkatuta, baina ez izan zalantzarik osasun sistema erantzuten ari zaiola erronkari, kasuak atzematen, bahetzen, txertatzen eta arlo guztietan herritarren osasun arretari erantzuten». Baina horregatik erantzukizunerako deia egin du, iragan udan gertatutakoa gogoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.