EUSKAL PRESOAK

Foro Sozialak Espainiako Gobernuari eta auzitegiei bidali die presoei buruzko azken txostena

Irailetik aitzinera bilera bana eskatuko diete Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriari eta Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Uhalderi, «babesa eta esku hartzea» eskatzeko.

Foro Sozialeko kideak eta hainbat jurista, asteartean, Donostian egindako mahai inguruan. Horren aurretik aurkeztu zuten txostena. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko uztailaren 16a
12:39
Entzun

Asteartean aurkeztu zuen Foro Sozialaren Behatokiak laugarren txosten monografikoa, zeinean salatzen baitzuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor sala, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala eta fiskaltza «oztopoak» jartzen ari zaizkiela presoen «gizarteratze» ibilbideei. Izan ere, foroak deitoratu zuen auzitegiak atzera botatzen ari direla presoei legez dagozkien erredentzio, irteera baimen eta hirugarren graduak, eta horiek aletu zituen dokumentuan.

Bada, gaur ohar baten bidez jakinarazi duenez, Foro Sozialak hainbat erakunderi bidali die txostena: zehazki, Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne Ministroari, Pilar Llop Justizia Ministroari, Dolores Delgado Estatuko Fiskal Nagusiari, Concepcion Espejel Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salako presidenteari eta Jose Luis Carceles Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraleko epaile magistratuari. Euskal presoak dauden espetxe guztietako zuzendaritza eta legelariei ere igorri diete txostena, eta Foro Sozialarekin elkarlanean ari diren eragile instituzional, politiko, sindikal eta sozialekin ere partekatu dute, baita EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin ere.

Foroak ez du horretan gelditzeko asmorik, alta. Iragarri duenez, hain zuzen, irailetik aitzinera Eusko Legebiltzarrarekin eta Nafarroako Parlamentuarekin biltzeko asmoa du. Hala, bilera proposamena eginen die Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteari eta Unai Uhalde Nafarroako Parlamentukoari. Presoen alorrean «babesa eta esku hartzea» eskatzea izanen da bilkura horien helburua. Foroak jakinarazi duenez, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeetara, Nafarroako Parlamentuko Herritarren Harremanen Batzordera eta Espainiako Kongresuko eta Senatuko Justizia Batzordeetara ere bidaliko dute asteartean aurkeztu zuten dokumentua.

«Lobbyaren» aurka

Txostenean adierazi gisan, «espetxe politikaren aldaketaren aurkako lobby bat» dagoela berretsi du Foro Sozialak. Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala, fiskaltza eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor sala dira momentu honetan foroak jomugan jarri dituenak, «erabakigarritzat» baititu presoen «gizarteratze» prozesuetan: «Ez dugu adierazi nahi instantzia horietan behin betiko ezarrita dauden egoerak edo jarrerak direnik, baina esan daiteke blokeo arrisku argia dakartela arinak izan beharko luketen prozesuetan. Izan ere, prozesu horiek bat datoz espetxeetako araudiak eta legeak ezarritako parametroekin, eta beraz, arinak izan beharko lukete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.