Gauez kalean ez elkartzeko aholkua «debeku gisa» hartzeko eskatu du Urkulluk

«Neurriak beteko balira, ez ginateke gai honi buruz hitz egiten ariko», gaineratu du Jaurlaritzako lehendakariak.

Donostiako Bulebarra hutsik, iazko urrian. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2021eko uztailaren 15a
18:06
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan COVID-19aren izurria kontrolatzeko neurriak ebazten dituen Labi batzordearen bilera teknikoa egin zuten atzo. Jakina zen neurri berriren bat ebatziko zutela, eta iluntzean jakinarazi zuten; baita dekretu bidez onartu ere. Orain arte hartutako neurriak mantentzea erabaki du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta beste neurri bat horri gehitu dio horri: gauerditik 06:00etara bizikideen topaketak bakarrik onartuko dituzte kalean, bihar gauerditik aurrera.

Horrek, ordea, zalantzak eragin ditu, Jaurlaritzak zenbateraino debeka dezakeen joan-etorrien askatasuna, eta, beraz, neurri horiek debeku gisa ezarri dituen, edo aholku gisa. Gaur, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eskatu du «debeku gisa» hartzeko «gehiegizko interakzio soziala eta, beraz, pertsonak elkartzea eremu jakin batzuetan eta ordutegi jakin batean». «Neurriak beteko balira, ez ginateke gai honi buruz hitz egiten ariko», gaineratu du.

Urkulluk eskerrak eman ditu, «gehiengoaren portaera» ontzat jota eta «neke pandemikoak eragiten duen ahalegin indibidual eta kolektiboa» aintzat hartuta. Gainera, gogorarazi du Ertzaintzak eta udaltzaingoek elkarlanean betearaziko dutela dekretua, «posible den kasuetan». Zehaztu du «garrantzitsuena» dela «jabetzea beste olatu pandemiko batean gaudela, kutsatze gaitasun handia eta azkarra duen aldaera berri batekin eta txertoa hartu ez duen biztanle multzo batean eragina duena». Hortaz, eskatu du «kontzientzia hartzeko portaeren eta ohituren» inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.