Jaurlaritzak «harridura» azaldu du alarma egoeraren aurkako erabakiaren aurrean

Iñaki Subijanaren arabera, Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du oinarrizko eskubideak eteteko salbuespen egoera ezarri behar dela.

Bilboko Errekalde hiribidea hutsik, iazko apirilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jon olano
2021eko uztailaren 15a
17:28
Entzun

Eragile politiko eta instituzional ugarik beren arrangura adierazi dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legearen aurkakotzat jo eta gero Espainiako Gobernuak 2020ko martxoan COVID-19aren izurriari aurre egiteko ezarritako alarma egoera eta horren babesean hartutako neurriak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, esaterako, azaldu du erabakia «harrigarria» iruditzen zaiola, horrek «ondorio oso garrantzitsuak» izango dituela eta «egin denaren parte handi bat ezerezean» utziko duela.

Sei magistratuk eman zuten atzo alarmaren egoeraren babesean hartutako neurri batzuk konstituzioaren aurkakotzat jotzearen aldeko botoa, eta bostek kontrakoa. Horren aurrean, Erkorekak nabarmendu du alarma egoerak Polizia guztiak eraman zituela «osasun publikoko araudia zorrotz betearaztera». Jaurlaritzako Segurtasun Sailak «antolaketa ahalegin handia» egin zuen, Erkorekaren hitzetan: langile gehiago kontratatuta, aplikazio informatikoetan inbertsioak eginda, «bat-batean 40 bider handitu zirelako zigor espedienteak». Horrek «atsekabea» sor dezake polizien artean, Erkorekaren arabera.

Sailburuak jakinarazi duenez, lehen alarma egoeran 22.955 salaketa jarri ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 13.500 Ertzaintzak jarritakoak eta 9.500 udaltzaingoek. Horiei gehitu behar zaizkie Donostiako, Bilboko eta Gasteizko udalek jarritakoak, prozedura propioak dituztenak. Espediente horiek fase diferenteetan daude, eta jada pagatuta daude 5.000 inguru. Orain, ikusteko dago isuna jaso zutenei dirua itzuli beharko zaien edo ez.

Salbuespen egoera

Antzera mintzatu da Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkaria, hark ere «harrigarritzat» jo baitu auzitegiaren erabakia. Nabarmendu du alarma egoerak «bizitza asko salbatu» zituela, eta «momentu horretan egin behar zena» egin zela.

Bestalde, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak azaldu du ez dituela ezagutzen Auzitegi Konstituzionalaren argumentuak —oraindik ez da sententzia argitaratu—, baina, edozein kasutan, ebazpenak dioena zera dela: «oinarrizko eskubideak eteteko», alarma egoeraren ordez salbuespen egoera ezarri behar dela: «Sortu diren iritziak direnak dira, ez ditut eztabaidatuko, baina balio juridikoen ikuspegitik interesgarria dena da alde bateko nahiz besteko botoak azaltzen dituzten argudioak ezagutzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.