Atzo, nazio biltzar telematikoa egin zuen Eusko Alkartasunak, eta, alderdiak bidalitako prentsa oharrean zehazten denez, bertan parte hartu zutenen %75ek baiezkoa eman zion zuzendaritzaren proposamenari. Bilkura horretan, EAren kongresu prozesuaren bide orria zehaztu zen, eta asmoa da kongresua martxoan egitea. Uda amaituta, sei hilabete izango dute alderdian barne dokumentuak aztertu, zuzenketak aurkeztu eta kongresuko kideak hautatzeko.
Lehen aldia da EAk telematikoki egin behar izan duela nazio biltzarra, kongresu arteko epean antolatu ohi den organo gorena. Prentsa oharrean, alderdiko ildo ofizialak zehaztu du pandemiaren ondorioz egin behar izan dutela horrela. Alderdiaren esanetan, parte hartzea «oso handia» izan da, eta batzarkide guztien «berme guztiak bete ziren». Bertan zuzendaritzak hurrengo kongresua prestatzeko bide-orria prestatu du: parte-hartu zutenen %75ek eman dio oniritzia kongresua martxoan egiteari, beste %18 abstenitu egin da, eta boto bakar bat izan da aurka.
Horrekin batera, nazio biltzar horrek baiezkoa eman zion ondoko hilabeteetako bidea antolatuko duen lantaldeari. Haren esku egongo da ponentzia politikoa eta estatutuen txostena lantzea.
Emaitzaren aurrean pozik agertu da Eba Blanco, bere zuzendaritzak mahai gainean jarritako eztabaida esparrua onetsi delako: «Prozesu honetan afiliatu guztiek izango dute parte hartzeko eta eztabaidatzeko eskubidea bermatua, gardentasun osoz. Hau da benetako eztabaida mahaia; organo honetan eman behar da negoziaketa, hala nahi bada benetan».
Sektore kritikoaren ikuspegia
Aldiz, sektore kritikoak guztiz bestela ikusi du biltzarra egiteko modua eta gaitzetsi du biltzar telematikoa «kaotikoa» izan zela. Sektore kritikoak dio zuzendaritzak ez duela ahalbidetu afiliatu guztien parte hartzea. Euren esanetan, estatutuek bilkura telematikoa egiteko aukera jaso arren, ez dago horren inguruko araudirik eta informatika arloko «baliabiderik eta ahalmenik ez dutenei» ez zaie utzi parte hartzen.
Sektore kritikoak kongresua bi hilabeteren buruan egitea nahi du. Hala, talde horretako 600 kidek eskaera hori egin du. Alderdiko estatutuen arabera, afiliazioaren laurdenak eskaera hori eginez gero kongresurako deialdiak «automatikoa» izan behar luke, baina sektore kritikoak salatu du nazio biltzarreko 76 botok eskakizun zabal hori oztopatu dutela.
EH Bilduk aurten hamar urte bete ditu. Sektore kritikoak koalizioaren aldeko apustua egin arren, alderdiak parte hartze aktiboagoa izan behar lukeela aldarrikatzen du. Eba Blancok dio Kongresuaren eztabaida esparruan zehaztuko dela hori. «Baliatu dezagun kongresu honek emango digun aukera positiboan lan egiteko, guztion artean eztabaidatzeko eta alderdia sendotu eta sendatzeko. Horrek EH Bildu hobetzen lagunduko du».