EUSKAL PRESOAK

Etxerat: «Ezin dugu beste hiru hamarkada itxaron»

Euskal presoen senideen elkarteak salatu du 32 presori oztopoak jarri dizkietela erredentzioak, irteera baimenak eta hirugarren graduak eskuratzeko.

Euskal presoen senideek gaur Bilboko Areatzan egindako agerraldia. FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko uztailaren 15a
11:33
Entzun

Urruntzearen mapa bukatzen hasi da, baita lehen graduko erregimena ere, baina Etxerat euskal presoen senideen elkarteak uste du ez dela aski euskal presoen egoera duindu dadin. Eta ez dago zain egoteko prest: «Ezin dugu beste hiru hamarkada itxaron, berrintegraziorako oztopoak eta galarazpenak egunero gaindituz; ezin dugu jarraitu sufrikarioaren luzapenaren biktima izaten eta ezin da kondenatu euskal gizartea bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera». Euskal presoei legez eman beharko litzaizkiekeen erredentzio, irteera baimen eta hirugarren graduez ari da Etxerat. Izan ere, gaur Bilboko Areatzan egindako agerraldian salatu du aurten 32 euskal presori oztopoak jarri dizkietela horiek eskuratu ahal izateko: 21 presoren kasuan, fiskaltzak helegiteak jarri dizkie tratamendu batzordeek hirugarren gradurako edo baimenetarako egindako proposamenei; bertze bederatzi presori erredentzioak eta baimenak ukatu dizkiete auzitegiek; eta bi euskal presok oraindik ez dute auzitegien erantzunik.

Etxerat-ek uste du, hala, «Espainiako Estatuak» ez duela «borondate politikorik portaera mota bat desaktibatzeari ekiteko», urruntzeari amaiera ematea ez ezik, «iraganeko inertziak alboratu eta behingoz erabaki bat hartzeko, bizitza aske bat eramateko gure senitartekoek egin behar duten bidea eragozten duten gainerako ad hoc neurriei amaiera emateko».

20 eta 30 urtean baimenik ez

Etxerat-ek gaur Bilbon egin duen agerraldian euskal presoen 32 senide agertu dira jendaurrera, eta Nekane Basaurik eta Txusa Etxandiak hartu dute hitza, guzien izenean. 75 urte dituen Joseba Arregi Erostarbe presoaren bikotekidea da Basauri, eta azaldu du Arregik 30 urte daramatzala espetxean. 2021eko urtarrilean baimen arrunt bat tramitatzen hasi zen Arregi Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean, baina fiskalak haren kontrako txostena egina du: «Josebak ez du baimen bakar bat ere izan. 30 urtetan ez da segundo bakar batean ere kalean egon». Irmo mintzatu da Basauri: «Uste dut badela garaia lege arrunta aplikatzeko, justiziaren aldetik tratu humanitarioa jasotzeko».

Gisa beretik jo du Txusa Etxandiak ere, Egoitz Coto euskal presoaren amak. Hogei urte daramatza semeak kartzelan, 2017an bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta Duesoko tratamendu batzordeak irteera baimena ematearen aldeko bi proposamen egin badizkio ere, fiskalak ez du haren kasuari buruzko deus adierazi oraindik. Aldeko erantzun bat eskatu du Etxandiak: «Bada garaia baimenak jasotzeko eta etxean egoteko».

Etxerat-ek Espainiako Gobernuari eta Espainiako Auzitegi Nazionalari galdegin die «presoei beren ibilbidea egitea galaraziko dien guztia behingoz desblokea» dezatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.