Hego Euskal Herritik Ipar Euskal Herrira sartzeko orain arte txertatu gabeko bidaiariek 72 ordu lehenago egindako test negatibo bat eduki behar zuten, COVID-19rik ez zutela frogatzen; orain Frantziako Gobernua 24 ordu lehenago egindako testak eskatzen hasiko da. Adierazi dute «Espainiatik eta Portugaletik» heldutako bidaiarentzat zorroztuko dutela neurria, herrialde bi horietan datuetan azkenaldian izan den gorakada handiarekin arduratuta. Aditzera eman dutenez, neurria asteburu honetan jarriko dute indarrean.
Europako Gaietarako estatu idazkari Clemente Beaunek jakinarazi du neurria gaur goizean, eta bide batez gogorarazi du herritarrei ematen dieten gomendioa dela aipatutako bi herrialdeetara bidaiarik ez egitea: «Nire erantzukizuna da esatea zenbait herrialdetan arriskua handiagoa dela, eta, beraz, horiek saihestera egin behar dela».
Osasun ziurtagiriaren erabilera zorroztera doaz Frantziako osasun agintariak herrialde barruan ere. Hilaren 22tik aurrera kultur jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa izango da ziurtagiria aurkeztea, eta abuztuaren lehenetik, berriz, taberna eta ostatuetan eskatzen hasi beharko dute. Ziurtagiria lor daiteke txertaketarekin, test negatibo batekin, edo gaitza igaro berri, gaitzaren aurkako erantzun immunitarioa martxan dagoela frogatuta.