13/13 sumarioa

Poliziak «zantzu» gisa lotu zituen ezizenak 13/13 auziko akusatuekin

Bi guardia zibilek deklaratu dute presoen abokatu lanetan aritutakoen aurkako epaiketan. Lekuko gisa deklaratu dute biek, nahiz eta horietako batek, atxiloketen eta miaketen atestatua egin zuenak, Madrildik idatzi zuen txostena, kontatzen ziotenaren arabera.

Auzipetuak eta abokatuak, Auzitegi Nazionalera iristen. MARTA JARA / FOKU
jon olano
2021eko uztailaren 14a
16:47
Entzun

Espainiako Guardia Zibilak izen-abizen jakin batzuekin lotu zituen dokumentu batzuetan atzemandako ezizenak, «zantzuen fasean», «ikerketa abiatu» ahal izateko. Hala azaldu du Guardia Zibilaren Z61382J zenbakidun  agenteak, diligentzien idazkariak, 13/13 sumarioaren epaiketako hirugarren saioan. Poliziak susmo batzuekin egin zuen txosten bat, eta horretan oinarritu zen 2010eko apirilaren 14ko operazioa. Zantzuen ondoren iritsi ziren atxiloketak, miaketak, galdeketak eta inkulpazioak, auzian akusazioari sostengua ematen diotenak.

Bi poliziak deklaratu dute astezkenean, lekuko gisa, eta lehena izan da Z61382J. Azaldu duenez, bera izan zen Halboka txostena idatzi zuena; Guardia Zibilaren txosten bat zen hori, 2010eko apirilaren 12an auzitegietan erregistratu zutena; sumarioaren abiapuntuan dagoen hamar lagunen atxiloketa baino bi egun lehenago. Hura izan zen egilea, poliziak berak azaldu zuenez, nahiz eta dokumentua ez duen inork sinatzen. Eta horra defentsako abokatuen lehen protesta: ea bera ote zen txostenaren egilea, kontuan hartuta, perituen deklarazioetarako, beste polizia batzuk deitu dituztela deklaratzera: ustez, txosten horren egileak direnak.

Horri lotutako beste gai batekin ere kexu azaldu dira abokatuak: Z61382J lekuko gisa ari zen deklaratzen; beraz, hark ikusitakoaz. Baina Halboka txostenaren egilea izanik, agiriaren edukiez ari zen azalpenak ematen; alegia, peritu lanak egiten, nahiz eta ez zegoen horretarako deituta. Murillok behin baino gehiagotan hartu zion kargu fiskalari horregatik.

Izan ere, defentsako abokatuek auzitan jarri dute haren lekukotasuna, kontuan izanik, 2010eko atxiloketen unean, Madrildik egin zuela atestatu bat. Z61382Jk idatzi zuen atestatu hori, bera egon ez zen miaketa batean oinarrituta, miaketan egon zirenek kontatzen ziotenaren arabera. Jose Maria Elosua defentsako abokatuaren galderei erantzunez,  Z61382J zenbakidunak ez zituen atestatuaren inguruko xehetasun asko gogoratzen.

Halbokaz jardun du Z61382Jk, eta apenas auzipetuez; esan du ez zela egitura berria, eta horri buruzko informazio eguneratua jaso zutela Frantziako Poliziak 2008ko maiatzaren 20an lau pertsona atxilotu eta gero —Xabier Lopez Peña, Ainhoa Ozaeta, Jon Salaberria eta Igor Suberbiola—:  «Halboka egitura bat da, aspalditik ezagutzen genuena». Poliziaren esanetan, Halbokaren egitura ikertu zuen Poliziak; horren barruan, ataletako bat zen «fronte juridikoa, erakunde abertzaleetatik gertuko abokatuek osatua». Ordea, ez du jakin horri buruzko xehetasun batzuk ematen; esaterako, Alfonso Zenon abokatuak galdetu dio «fronte juridiko» hori zenbat abokatuk osatzen zuten: «Ideiarik ez», izan da erantzuna.

Era berean, baieztatu du CNI Espainiako zerbitzu sekretuek parte hartu zutela ikerketan: «NIk ematen zizkigun guk eskatzen genituen datuak; hitzordu bat bazegoen, CNIri eskatzen genion ea horri buruzko zerbait al zuten. Ematen ziguten elkarrizketa bat, baina soilik guk eskatutakoari lotutakoa».  

«Polemika» dekanoarekin

G17180V zenbakidun guardia zibilaren txanda izan da hurrena. Arantza Zuluetaren eta Naia Zuriarrainen atxiloketan eta horien bulegoen eta etxebitzen erregistroan parte hartu zuen, eta atxiloketen eta Bilboko Elkano kaleko bulegoaren erregistroaren xehetasunak eman ditu: bulegotik aterarazi zituztela, eta «une oro» egon zela idazkari judiziala. Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoaren zain egon behar izan zuten, ordu erdi inguruz, eta poliziak aitortu du «polemika, eztabaida» izan zutela harekin, dekanoak protesta egin zuelako miaketarengatik.

Amaitu dira aste honetakoak Auzitegi Nazionalean, eta epaiketak uztailaren 26an jarraituko du, guardia zibil gehiagoren deklarazioekin. Saio horietara ez dute joan beharko Zuriarrainek eta Saioa Agirrek, abokatuek eginiko eskaera Murillo epaileak aintzat hartu eta gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.