Ipar Irlanda

Ipar Irlandako gatazka armatuko auzipetzeak preskribatzea proposatu du Erresuma Batuko Gobernuak

Bake akordioaren aurretik Irlanda iparraldean arituriko Erresuma Batuko soldaduen eta IRAko boluntarioen kontrako akusazioak eta epaiketak amaitzeko plana aurkeztu du Londresek.

Brandon Lewis Erresuma Batuaren Ipa Irlandarako ministroa, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2021eko uztailaren 14a
15:11
Entzun

Haserrea eta eztabaida handia eragin duen erabakia da. Erresuma Batuko Gobernuak 1998ko Ostiral Santuko Akordioaren aurretik Ipar Irlandako gatazka armatuarekin «zerikusia duten istiluak» preskribatzea proposatu du, eta neurriak armadako soldaduei zein IRA Irlandako Armada Errepublikanoko boluntarioei eragingo lieke, horiei buruzko epaiketa eta akusazioak bertan behera utzita. Brandon Lewis Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroaren arabera, «geroz eta argiago geratu da ikerketa kriminalek» ez dutela «esperotako emaitzarik» emango —2015etik 2021era «soilik» bederatzi lagun inputatu dituzte—, eta, hortaz, erabaki hori hartzea «beharrezkoa» izan da: «Badakigu batzuentzat zaila izango dela onartzea».

Komunen Ganberan egindako agerraldian, Lewisek argudiatu du Ipar Irlandako Polizia 1.200 kasu aztertzen ari dela egun, gehienak duela lau hamarkada gertaturikoak, eta horiek ikertzeko gutxienez hogei urte beharko lituzkeela. Hori kontuan hartuta, eta orain arteko bide judizialen egoerak baloratu ostean, Ipar Irlandarako ministroak adierazi du aldaketa bat ezinbestekoa dela «egia eta berradiskidetzea babesteko».

Auzipetzeak preskribatzeaz gain, Erresuma Batuko Gobernuak beste bi proposamen egin ditu: batetik, «egia ezagutzeko» batzorde independente bat eratzea, familiek nahi izanez gero beren kasuak aztertzeko; eta, bestetik, «ahozko historiari» buruzko «iniziatiba bat» indarrean jartzea, herritarrek beren esperientziak parteka ditzaten.

Neurri horiek lirateke, Lewisen iritziz, «aurrera jarraitzeko modurik onena, egungo sistemak funtzionatzen» ez duela argudiatu baitu: «Egia zail eta mingarria da». Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroarentzat, berriz, erabakia «neurrizkoa» eta «orekatua» izan da.

Iragan asteetan filtraturikoaren arabera, lege berriak ez luke eraginik izango orain arteko epaietan, eta ez diete indulturik emango jada zigorturikoei. Biktimen ustetan, ordea, Londresen erabakia de facto amnistia bat da, eta horregatik agertu dira neurri horren kontra; Erresuma Batuko oposizioko alderdiak eta Ipar Irlandako koalizio gobernua osatzen dute bost indar politikoek ere jarrera bera hartu dute auziaren inguruan, eta Irlandako Errepublikako Gobernua ere kritiko agertu da Londresen erabakiaren inguruan.

Finean, Erresuma Batuko Gobernuaren plana onartuz gero —Alderdi Kontserbadoreak diputatuen gehiengo osoa du—, ezingo lituzkete Ipar Irlandako gatazka armatuan parte hartu zutenak auzipetu. «Familiei justizia zentzu bat emateko aukerarik onena da», defendatu du Lewisek. Egutegia aztertuz gero, plana ez da lege bilakatuko datorren udaren aurretik, eta, beraz, urtebetez aurrera jarraituko dute ikerketa eta akusazioek; 1970eko hamarkadatik 1998ko bake ituna sinatu arte 3.500 lagun inguru hil zituzten Ipar Irlandan.

DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren buruzagi Jeffrey Donaldson izan da Erresuma Batuko Gobernuaren planaren aurka egin duen politikarietako bat, Ipar Irlandarako ministroari erantzun baitio ez dutela «edozein formatako amnistiarik» onartuko: «Biktimen ikuspuntutik, proposamen horiek arreta jartzen dute [delituen] egileetan, biktimetan baino. Irain bat da biktimen memoriarentzat».

Toryen artean ere zalantzak helarazi dituzte Londresen erabakiaz, baina alderdiaren buruzagi ohi Ian Duncanek iradoki du kontra egonda ere planaren alde bozkatuko dutela: «Nire lagun bati gertatu zitzaiona jakin nahi dut, baina aurrera egin behar badugu, denok egin beharko dugu sakrifizioren bat».

Hilabeteotan ere izan dira absoluzioak

Gaur jakinarazitako proposamenekin loturiko hainbat erabaki hartu dituzte hilabeteotan. Hil hasieran, esaterako, Ipar Irlandako Fiskaltzak karguak erretiratu zizkien gatazka armatuko istiluekin lotuta eta hiru hilketagatik auzipetuta zeuden Erresuma Batuko bi soldadu ohiri, F soldadua eta B soldadua izenekoei; hortaz, haiek ere ez dute epaiketarik izango.

Lehenengoari James Wray eta William McKinney errepublikanoak hil izana egozten zioten, 1972ko urtarrilaren 30ean Derry hirian Bloody Sundayn izandako istiluetan, eta beste bost lagun hiltzen saiatu izana. Beste soldadua, berriz, urte bereko uztailean Derryn izandako istiluetan 15 urteko gazte bat tiroz hil izanagatik zegoen auzipetuta.

Fiskaltzaren erabakiaren berri izatean, biktimen senideen abokatu Ciaran Shielsek azaldu zuen karguak erretiratzeko jasotako arrazoia izan zela fiskaltzak ez zuela zigorra emateko aukerarik ez ikusten. Erabaki horrek «sistema judizial britainiarraren» gabeziak agerian uzten dituela salatu zuen Shielsek.

Iragan apirilean, beste auzitegi batek absolbitu egin zituen IRAko kide bat hil izanagatik auzipetutako beste bi soldadu, fiskaltzaren prozeduran irregulartasunak izan zirela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.