Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak maskara janztearen aldeko aldarria egin du gaur. «Maskara, maskara eta maskara» eskatu die herritarrei, eta haren badaezpadako erabilera berreskuratzea galdegin die, batez ere etxetik kanpo dituzten hartu-emanetan.
Lehendakariak Gasteizen egiten ari diren ikastaro batzuetako ikasleak eta arduradunak jaso ditu lehendakaritzan: «Euskadin osasun larrialdian jarraitzen dugu, eta halako topaketetan lehendabizi gogoan izaten ditugu birusaren ondorioz hil direnak eta haien senideak», adierazi du.
Gaur egungo egoeraz, esan du une honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari «birusaren aldaera kutsakorrago bat» ari zaiela eragiten. Horri buruz, aipatu du indargune bat eta ahulgune bat dituztela: ahulgunea da «maskara gabeko hartu-emanen gorakada», Urkulluren ustez hori baita «kutsatzeei mesede egiten dien aldagai nagusia». Indargunea, berriz, maskararen erabilera berreskuratzea dela esan du: «Hori da gaur egin nahi dudan deia: maskara, maskara eta maskara», amaitu du.