COVID-19ak oldartuta jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman dituzten datuen arabera, beste 1.521 positibo atzeman dituzte. Datu txarrak dira: zortzi hilabete egin behar da atzera, aurreko urteko azaroaren 13ra, datu txarrago bat aurkitzeko. Positiboen ehunekoak OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean izateko jarritako %5eko muga nabarmen gainditzen du: Osakidetzak eta Osasunbideak herenegun egindako 14.883 probetatik %10,2k eman dute positibo.
Egoera Nafarroan da bereziki makurra. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia 683 kasukoa da, eta gaur beste 532 positiboren berri eman dute. Gipuzkoan, berriz, 465 kasuko intzidentzia dute, eta beste 398 positibo atzeman dituzte. Bizkaiak eta Arabak, gaur gaurkoz, kopuru apalagoak dituzte, baina gorazko joera nabarmena da. Hurrenez hurren, 325 eta 280 kasuko intzidentzia dute, eta 462 eta 94 positibo berri.
Birusa hedatzearen ondorioz, pixkanaka-pixkanaka ari dira ospitaleetara kasuak iristen. Egun, 156 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetan. Bi astean %33 igo da ospitaleratuen kopurua. Gainera, horietako 36 ZIUetan larri daude. Kopuru hori egonkortuta dago azken egunetan, eta ez da joera argirik ikusten. Halere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak datu positibo bat ere eman dute: azken astean ez da inor hil COVID-19agatik.
Herritarren %63,2, txertatuta
Bitartean, txertaketa aurrera doa, eta dagoeneko Hegoaldeko herritarren %63,2ri txerto bat behintzat jarri diete; %49k, berriz, pauta osoa dute jasota. Nafarroako Gobernuak txertoaren eraginkortasunari lotutako datuak ere eman ditu. Haien arabera, txertoaren dosi batek %45eko eta pauta osoak %76ko eraginkortasuna dute COVID-19arekin sintomak izatea ekiditeko. Eraginkortasun altuagoa du ospitaleratzeak ekiditeko: %76 dosi batekin eta %91 pauta osoarekin. Kutsatze denak ekiditeko eraginkortasuna, berriz, baxuagoa da: %37 dosi batekin eta %64 pauta osoarekin.