Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euro beka deialdia ireki du

COVID-19-aren ondorioz kalte ekonomikoa jasan duten familientzat errenta aitorpenean %5eko kenkaria izateko aukera proposatu du Hezkuntza sailak eta nabarmendu du deialdiaren baldintzak betetzen dituzten familia guztietako ikasleei bermatuko zaiela aukera berdintasuna

Bilbon, selektibitate azterketa egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU
joxerra senar
2021eko uztailaren 13a
13:44
Entzun

Aldizkari ofizialean argitaratzen den unetik irailaren 30era arte egongo da irekirik beka eskatzeko epea eta Jaurlaritzak espero du azarorako tramite oro burutzea, «ahalik eta lasterrenen». Gaurko gobernu kontseiluan onartu denez, 60 milioi euroko aurrekontua izango du datorren ikasturterako unibertsitatez kanpoko ikasleentzako beken deialdiak. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu du deialdiaren irizpideak betetzen dituzten sendi guztietako seme-alabek izango dutela bermatuta beka.

Amaitu berri den ikasturtean, 116.000 ikaslek jaso zuten bekaren bat —orotara, berez, 178.000 laguntza banatu ziren—.

Bildarratzek, gaurko agerraldian, nabarmendu du sailaren helburua dela inor ez atzean uztea Amaitu berri den ikasturtean bezala, hurrengoari begira ere aukera berdintasuna bermatzeko neurri gehigarri bat aurreikusten du deialdiak. Hala, COVID-19aren ondorioz kalte ekonomikoa jasan duten sendiek zerga kenkari izateko aukera jasotzen du: errenta osoari %5eko zerga kenkaria aplikatu ahalko diote. Horretarako egiaztatu beharko da lana galdu zela, aldi baterako zein behin betiko erregulazioko espediente batean izan zela, autonomoen kasuan gutxienez jarduera hiru hilabetez eten zela iaz konfinamenduaren ondorioz eta familiaren diru sarrerak behera egin zutela.

Bekak bi taldetan banatuko dira. Batetik, haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleentzat zein musikan eta dantzan oinarrizko irakaskuntzan dihardutenentzat. Talde horientzat, kuotaren, ikasmaterialaren eta jantokiaren zenbatekoa hartuko da aintzat. Bigarren taldean daude batxilergoan, lanbide heziketan eta arte plastikoetan edo musikako eta dantzako irakaskuntza profesionalean dihardutenak. Horien kasuan aintzat hartuko dira errentaren araberako zenbatekoa, bizitokia, errendimendua edo oinarrizko errentaren zein osagarrien kopurua.

Salburuan, ikastetxea

Horrekin batera, agerraldian BIldarratzek azaldu du Gasteizko Salburua auzoko ikastetxe publikoan bigarren hezkuntzako eraikina eraikitzeko lizitazioari ekin diotela. Lanek 18,8 milioi euroko aurrekontua izango dute eta ikastetxea 19.985 metro koadroko azalera duen eremuan eraikiko da —gutxi gora behera eremuaren laurdena hartuko du—. Orain arte, Salburuako ikastetxe publikoak haur eta lehen hezkuntza eskaini du, baina helburua da bigarren hezkuntzara begirako 36 ikasgela jartzea. Horrez gain, besteak beste, teknologia arloko hiru tailer, informatikako beste hiru, hiru laborategi, arte plastikoetako bi toki, gimnasio bat eta liburutegi bat izango ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.