Hizkuntza eskubideak jomugan

EAEko Auzitegi Nagusiak auzitan jarri du Udal Legearen euskarari buruzko artikulu bat

Aktak euskaraz bakarrik idaztea Espainiako Konstituzioaren aurkako izan daitekeela dio Administrazioarekiko Auzien Salak , «gaztelania libreki erabiltzeko eskubide konstituzionala» urratzen duelakoan. 

Irungo bi udaltzain, udaletxearen aurrean. JON URBE, FOKU
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 13a
13:05
Entzun

Udalen Legeak euskararen erabilerari buruz dakarren artikulu bat auzitan jarri du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeelakoan: «Gaztelania libreki erabiltzeko eskubide konstituzionala erabiltzea eragotzi» dezakeela uste du Administrazioarekiko Auzien Salak. Argudioak eskatu dizkie aldeei, besterik erabaki baino lehen.

Vox alderdiak jarritako helegite batetik dator auzia: 2016ko Udalen Legea garatzeko, Eusko Jaurlaritzak 2019an onartu zuen dekretu bat eraman du epaitegira; hizkuntza ofizialak udaletan nola erabili arautzen du. Auzitegiak, ordea, Udalen Legearen 6.2 artikuluan jarri du fokua: puntu horrek zehazten du toki erakundeetako aktak eta beste zenbait agiri euskaraz idatz daitezkeela, «baldin eta, toki erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira». Bada, Auzitegi Nagusiak ondorioztatu du puntu hori konstituzioaren 3. eta 14. artikuluen aurkakoa izan daitekeela, «gaztelaniaren erabilera mugatu» egiten duelako «interesdunak euskaraz ez dakien egoeretara», eta ondorioz, «gaztelania libreki erabiltzeko eskubide konstituzionala erabiltzea eragozten» duelako. Gainera, auzitegiaren ustez, artikulu horrek tokiko entitatearen esku uzten du euskaraz ez jakitearen justifikazioa onartzea, «horretarako irizpiderik ezarri gabe».

Auzitegi Nagusiko salak hamar eguneko epea eman die aldeei zein fiskalari, gaiari buruzko azalpenak aurkez ditzaten; zehazki, eskatu die argudioak eman ditzaten «inkonstituzionalitatea planteatzearen egokitasunaz» zein auziaren funtsaz. Ondoren, salak uste badu artikulu horrek konstituzioa urratzen duela, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman dezake legea.

Irungo kasuko areto bera

Hain zuzen, ebazpen hori kaleratu duen areto horrek berak bertan behera utzi zituen, joan den maiatzean, Irungo (Gipuzkoa) Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzailea» dela argudiatuta. Ekaina amaieran, Irungo Udalak helegitea jarri zion ebazpenari, bai EAEko Justizia Auzitegi Nagusian bertan, baita Espainiako Auzitegi Gorenean ere. Ebazpena kaleratu zutenean, Eusko Jaurlaritzak nabarmendu zuen, ohar batean, lan deialdiak indarrean dagoen legedia errespetatzen duela. Gipuzkoako Foru Aldundia ere auzitegiaren ebazpenaren kontra agertu zen.

Maiatzaren 23an, ebazpenaren aurka protesta egiteko, 200 bat pertsona batu ziren Bilbon, Auzitegi Nagusiaren eraikinaren aurrean, euskalgintzak deituta. Euskalgintzaren Kontseiluak salatu zuen azken boladan asko direla «euskaldunen eta bestelako hizkuntza gutxituetako hiztunen aurkako erabakiak» hartu dituzten auzitegiak, eta EAEkoaren epaia beste bat zela hainbaten artean.

Irungoa gertatu eta gero, Voxek iragarri zuen hizkuntz eskakizunei helegiteak jartzen hasiko zitzaiela, lanpostuak jendaurrekoak ez direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.