Arbonako lur okupatuak

Zirkulazioa oztopatu dute Miarritzen ELBko laborariek

ELBk eta Lurzaindiak deituta, ehundik gora traktore bildu dituzte Arbonako (Lapurdi) lur okupatuetan. Momentuz ez dute lortu saltzailearekin eta eroslearekin biltzea.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko uztailaren 13a
12:44
Entzun

Indar erakustaldia egin dute ELBk eta Lurzaindiak, Arbonako (Lapurdi) lurren salmenta espekultiboa salatzeko ekintza eginez. Hazten gaituen lurra zain dezagun! lelopean, Ipar Euskal Herriko ehundik gora laborari elkartu dira gaur goizetik, traktore eta guzi, lurren okupazioari babesa emaiteko. Arratsaldean, Miarritzeko (Lapurdi) aireportura buruz abiatu dira, barekurkuilu operazio batean, eta inguruko errepideetako zirkulazioa kolapsatu dute. Behin baino gehiagotan errepikatu dute Arbonako salmenta espekulatiboa kasu enblematikoa dela, eta ez dutela etsiko. Ondoko egunetan ekintza gehiago eginen dituztela iragarri dute, eta ostegunean, 19:00etan, berriz Arbonan elkartzera deitu dituzte laborariak.

Ekainaren 23an hasi zuten lurren okupazioa bi eragileek, laborantza lur baten «salmenta espekulatiboa» salatzeko. Kasu «adierazgarria» dela erran dute behin eta berriz: «Hamabi hektareko lurra da, aukera agronomiko handiak ditu, Baionako ateetan», esplikatu zuen Maryse Cachenault ELBko kideak lehen egunetan, ohartarazita 3,2 milioi euroan ezinezkoa dela laborari batek erostea. SAFER laborantza lurren kudeaketarako egiturak erosteko lehentasun partziala lortzeko urratsak egin zituen, laborantza lurren parte bat berreskuratzeko, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Okupazio gunera joan zen Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, eta onartu zuen instituzioak ez duela salmenta blokeatzeko gaitasun juridikorik, baina bere burua proposatu zuen eroslearekin bitartekaritza lanak egiteko. Ordutik, ez du lortu bilkurarik antolatzen.

ELBk eta Lurzaindiak esplikatu dute momentuz ez dutela lortu lurren jabearekin eta eroslearekin hitz egitea; saltzailea Suitzan bizi da eta oso heldua da, eta eroslea, berriz, Parisen bizi den emakume bat da. Uztailaren 20an bukatzen da salmentan eragiteko epea, eta Isabelle Capdeville Lurzaindiako kidearen arabera, saltzailea eta eroslea trikimailuetan ari dira «denbora irabazteko».

[youtube]https://youtu.be/yg-nhjxr0wA[/youtube]

Dominique Ameztoi Lurzaindiako kideak ere gaiaren garrantzia azpimarratu du, eta mobilizatzeko eskatu die laborariei, «etorkizuneko belaunaldiak gogoan izanez»: «Zuek gabe guk ez dugu deus lortzen ahal». Ostegunean berriz bilduko dira, eta bitartean ekintza gehiago egingo dituztela jakinarazi du. Hogei eguneko okupazioaren bidez, gerora ere lurraren zaintzan lagunduko dieten legeak lortu nahi dituztela gehitu du Ameztoik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.