'13/13 auzia'

Torturak kontatu dituzte auzipetuek deklarazioan: «Terrorezko pelikula bat zirudien»

Gaur deklaratu dute 13/13 sumarioko auzipetuek. Zuriarrainek eta Agirrek jasandako atxiloketaz eta torturez jardun dute.

Jon O. Urain, berriemaile berezia - Paulo Ostolaza
2021eko uztailaren 13a
09:57
Entzun

«Ur hotza bota zidaten burutik. Kamiseta kendu zidaten. Ukitzen hasi ziren, gorputz osoan. Poltsa jarri zidaten; apurtzen saiatzen nintzen, arnasa hartu ahal izateko. Hiltzen nintzela sentitzen nuen». Naia Zuriarrainek gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean egin duen deklarazio gogorraren zati bat da. Gaur goizean hasi dira deklaratzen 13/13 sumarioko auzipetuak, eta Arantza Zulueta eta Zuriarrain izan dira lehenengoak.

Euskal presoen abokatu izandako edo presoen aldeko mugimenduan aritutako zazpi lagun epaitzen hasi ziren atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean, 13/13 sumarioan: Zulueta eta Zuriarrainez gain, Jon Enparantzak, Iker Sarriegik, Julen Zelarainek, Saioa Agirrek eta Nerea Redondok deklaratu dute —Juan Mari Jauregi ere auzipetuta zegoen, baina auzitik kanpo utzi dute, haren osasun egoera dela eta—.

Zulueta izan da lehenengoa deklaratzen; defentsari bakarrik erantzun dio. Ibon Altuna abokatuak galdetu dio ea Saioa Agirreri ETAren komunikaziorik eman dion, edo alderantziz, baina ezezkoa erantzun du akusatuak: «Ez, inoiz ez dudalako komunikaziorik izan ETArekin».

Ukatu egin du egozten dizkioten ezizenak ezagutzen dituenik ere. Guardia Zibilak Marsel/Marcel eta Bixer ezizenak Zuluetarekin lotzen ditu. Zuluetak adierazi du Poliziak interpretazioa «behartu» duela ezizenak berari egozteko. Zuriarrainek esan zuen komisarian Zulueta Bixer zela: «Ikusi nuen nola zegoen Zuriarrain komisariatik irten ondoren. Torturekin behartua izan zen hori esatera», baieztatu du epaiketan Zuluetak.

Akusatuak argi utzi du bera ez zela sekula izan ez Halbokakoa, ez ETAren ezein aparatutakoa: «Ez naiz izan ETAkoa». Gogora ekarri du, 2019ko irailean, talde armatuko kide izatea onartu zuela, zuzendaritza mailan: hiru urteko zigorra onartu zuen orduan: «Asumitu nuen abokatuen kolektiboko kidetza, eta KT-koa, presoen koordinazio lan gisa egoera berrira egokitzeko».

«Iraultza zergaren» kudeaketaz arduratu dela edo ETAri atentatuak egiteko informazioa ematen ziola ere ukatu du Zuluetak. Abokatu gisa, esan du inoiz ez diola esan ETAri atxilotu batek nola jokatu behar duen; edozein kasutan, eta bere abokatu lanari lotuta, bere defendatuek egin behar zutena esan izan duela, edo hitzaldiak eman dituela atxilotuen eskubideen inguruan.

Zulo batean lehergailuak izatea ere egozten diote Zuluetari, miaketan topatutako USB baten arabera: «Ez dut inoiz armarik ikusi edo ukitu. Froga dadila nire aztarna bakar bat dagoela arma batean».

Atxilotu zutenean bost egunez inkomunikatu zuten akusatua, baina tratua zuzena izan zela esan du. «ETArekiko partaidetza» egozten zioten, zehaztu gabe. EPPK-ko presoekin harremana izan zuela aitortu du Zuluetak, eta behin preso sartu zutenean, EPPK-ko kide izatera igaro zela. Azaldu du garai horretan presoak gobernuaren zain zeudela, Espetxe Erakundeek elkarrizketak abiatu nahi zituztelako presoen kolektiboarekin.

Preso egon zenean FIES erregimenean eduki zuten, ETArekiko lotuta jarraitzen zuelakoan, eta, beraz, hari egozten dioten kidetza bakarra izan da denboran; ez da eten. Hori gakoa da non bis in idem printzipioa urratzen dela argudiatzeko.

Zuriarraini torturak

Jarraian Zuriarrainen txanda izan da, eta berehala berretsi du aurretik Zuluetak esandakoa. Bere atxiloketaren berri eman du, eta kontatu du Euskal Herritik Madrilerako bidean, autoan, mehatxuak jasan zituela: «Geratu behar izan genuen, botaka egiteko». Madrilera iritsitakoan gertatutakoa kontatu zion auzitegi medikuari.

Esan zioten horrek ondorioak izango zituela, eta torturak kontatzen hasi da jarraian. Ziegatik bizpahiru aldiz ateratzen zuten, mozorroa jarri, eta galdeketa batean ukituak egiten hasi zitzaizkion: buruan, bularretan: «Ez nuen ezer erantzuten. Guardia zibil ugari zeuden, iruzkin sexistak eginez, nitaz barre eginez. Zioten 'gudari' guztiek hitz egiten dutela, aginduaren zain zeudela 'beste fase batera' pasatzeko». Jarraian, banan-banan kontatu ditu jasandakoak: biluztera behartzea, ukituak, poltsa...

Hitz egingo zuela esan zuen orduan, eta esan beharrekoa buruz ikastera behartu zuten: «Deklarazio hori egin nuen behartu nindutelako, bestela ez nuke egingo». Tratamenduan egon zen Zuriarrain; Istanbulgo protokoloa ezarri zioten, eta Jaurlaritzak eginiko txostenean jasota dago haren kasua.

Gertatutakoa Zuluetari kontatu zion kartzelan, salaketa jarri zuen, eta artxibatu egin zuten: «Beste asko bezala, Estrasburgok gerora aitortutakoak», gogorarazi du Jone Goirizelaia abokatuak. Aurreko akusatuak bezala, ETAri ez ziola informaziorik eman esan du, eta ez duela ezizenik.

Abokatuen papera

Atsedenerako tarte labur baten ostean, Jon Enparantzaren txanda izan da. Hark ere egotzi dizkiotenak ukatu ditu: Mik eta Ana ez direla bere ezizenak; David Pla etakidearekin ez duela harremanik; ez duela ETArekin harremanik izan...

Bai esan du presoekin lanean hasi zela kolejiatu zen momentutik, 1994tik. Ezker abertzaleari lotutako talde politikoekin «eguneroko harremana» zuela esan du, baina sekula ez dela izan ETAko, KTko edo Halbokako kide. Kidetza hori asumitu zuen 2019, baina Zuluetak bezala, auzipetuentzat irtenbide onena zelako.

Azkenik, Presoen kolektiboaren eztabaidaren kudeaketan abokatuek izan duten papera defendatu du Enparantzak: «Egia da oraindik ixteke dauden gaiak ditugula, presoen askatze prozesua eta bi aldeko biktimen aitortza kasu, baina abokatuok jokatu genuen rola oso garrantzitsua izan zen», amaitu du.

Iker Sarriegi izan da hurrengoa deklaratzen. Hark ere kontatu du lan asko egiten zutela presoekin. Bulegoan egin zioten miaketaz hitz egin du: bereak ez ziren USB batzuk agertu ziren bere bulegoko mahai batean azpian, justu guardia zibil bat bertan ari zela. USB horretan zegoen dokumentu bat erakutsi dute, 2005eko otsailekoa. Orduan, Sarriegi ez zegoen ez kolejiatua, ez bulegorako lanean. Xistor Haranburu presoaren gutun bat ere bazegoen han, baina Sarriegik esan du sekula ez duela lanik egin Ipar Euskal Herriko presoekin.

Jarraian Zelarainen txanda izan da, berak ere ukatu du egotzitakoa: ez dela ETAko zuzendaritzako kide izan eta Ilazki ez dela bere ezizena. 2005eko urtarrilaren 11ko bilera batean, Ilazki delakoa zegoen. Garai horretan Zelarain Soto del Realen zegoen preso, eta, beraz, azaldu du ezin duela Ilazki izan. Espetxean zegoela, 2014an jakinarazi zioten auzipetze auto bat jasoko zuela, ETAko kide izatea egotzita. Egunero miatzen zioten ziega, eta ez zuten dokumenturik aurkitu. Ez zioten etxea miatu, ez galdekatu. «Sinesgaitza egiten zait ni auzi honetan egotea», amaitu du.

Saioa Agirrek deklaratu du gero, eta bere atxiloketaren berri eman du. Sopelako ikastetxe batean lanean ari zela atxilotu zuten. Guardia zibil bati galdetu zion zer egingo zioten Tres Cantosen. Erantzun zion lasai egoteko, iraganeko kontua zela, oso salbuespenezkoa. Polizia hori bera hasi zitzaion belarrira oihuka; esan zion egingo zioten gutxiena izango zela bost egunez biluzik uztea.

Agirrek bere deklarazioa eten behar izan du atxiloaldian bizitakoa kontatzen jarraitu ahal izateko: «Terrorezko pelikula bat zirudien. Izugarrizko beldurra nuen. Kalabozora eraman ninduten: sotano bat izango zen, argirik gabea». Galdeketa nolakoa izan zen kontatu du: «Guardia zibil batek galdetu zidan ea ama izan nahi nuen. Harritu ninduen galderak, baietz esan nion. Esan zidan prestatzeko, ez nintzela izango, eta galdeketa hasiko zela». Burua estalita eraman zuten gela batera. Biluzik izan zuten galdeketan zehar: «Lurrera bota ninduten eta gainean esertzen ziren. Birritan konortea galdu nuen. Obsesioa zuten abokatuekin».

«Ezin nuen gehiago. Hautsita, minduta nengoen. Galdetu nien zer nahi zuten. Deklarazio bat egiten banuen, lasai utziko nindutela. Hori nahi nuen», jarraitu du. Azaldu du auzitegi medikuari kontatu ziola jasandakoa, baina «laburtuta», bestela galdeketara itzultzean guardia zibilak berarekin «haserretzen» zirelako. Hitz egingo zuela esan zuen Agirrek, eta esan beharrekoa buruz ikastera behartu zuten: «Deklarazioa Guardia Zibilak idatzi zuen. Nik buruz ikasi behar izan nuen, zuzen esateko. Ez naiz gogoratzen zer esan nuen, ez zelako egia. Haiek idatzi zuten osorik». Marlaska epaileari kontatu zizkion torturak, eta deklarazioa gezurra zela. Torturak salatu zituen.

Redondo izan da azkena deklaratzen, eta fiskalari ere erantzun dio. Jauregiren etxean utzitako 45.000 eurori buruz galdetu diote, eta xehetasun osoz azaldu du kontraturik gabeko lanetatik aurreztutako dirua zela. Redondoren aurkako akusazioa hiru lerrotan laburbiltzen dela esan du Elosuak: Jauregiri 44.500 euro eman zizkiola; auzipetze autoaren arabera, ETA diruz laguntzeko. Baina Redondok azaldu duenez, bere aurrezkiak ziren.

Sumarioa abiatzean, instrukzio epailearen aurrean eta Redondoren beraren ekimenez dokumentatu zuen diru hori nola joan zen irabazten; bere ibilbide profesionala zein izan den. 2010eko apirilaren 29an, atxiloketetatik bi astera, aurkeztu zuen Redondok dokumentazio guztia instrukzio epailearen aurrean, bere kasa. Lau urte geroago auzipetu zuten. Inoiz ez diote badaezpadako neurririk jarri. Kontu honekin 11 urte daramatzatela esanez amaitu du deklarazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.