Txertoa derrigorrezkoa izanen da Ipar Euskal Herrian osasun langileentzat

Pertsona zaurgarriekin lan egiten duen orok txertatu beharko du: zahar etxeetako langileek, bolondresek... Irailetik 15era arteko epea izanen dute: hortik aurrera kontrolak eta isunak iragarri ditu Macronek. PCRak, berriz, ordainpekoak izanen dira udazkenetik aitzinera.

Osasun langile bat herritar bati txertoa jartzen, Donostian, joan den maiatzean. JON URBE / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko uztailaren 12a
20:43
Entzun

Ahalik eta jende gehien txertatzea da Emmanuel Macron Frantziako presidentearen helburua, eta, horrenbertzez, neurriak iragarri ditu datozen hilabeteetarako. Komunikabideetan aitzinatutakoa berretsi du iluntzean egindako mintzaldian: txertoak derrigorrezkoak izanen dira hemendik aitzina Ipar Euskal Herriko osasun langile, zahar etxeetako langile eta oro har pertsona zaurgarriekin lan egiten duten ororentzat. Irailaren 15era arteko epea izanen dute langile horiek txertatzeko: hortik aitzinera, kontrolak eta isunak jarriko dituztela ohartarazi du Frantziako presidenteak.

Era berean, ez du baztertu txertoa herritar guztientzat derrigorrezkoa bilakatzeko aukera ere: «Egoeraren bilakaeraren arabera, frantses guztientzako derrigorrezko txertoaren galdera egin beharko diogu gure buruari, baina konfiantzaren hautua egin dut, eta handizki dei egiten diet txertatuak ez dauden herrikide guztiei ahalik eta lasterren txertoa jartzera joan daitezela».

Txertoa hobestearen aldeko neurri gisa PCRak ordainpekoak izanen dira udazkenetik aitzinera Ipar Euskal Herrian. Halaber, osasun pasea beharrezkoa izanen da ostatu, jatetxe eta trenetan ere, baita 50 lagunetik gorako kultur edo aisialdi ekintzetarako ere. Mugako kontrolak ere indartuko dituztela iragarri du Macronek.

Neurri guztiok berresteko lege proiektu bat eztabaidatuko dute Frantziako Asanblean, uztailaren 21etik aitzinera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.