Urkulluk pandemiaren kudeaketa eta ekonomiaren hazkundea goraipatu ditu hauteskundeen urtemugan

Lehendakariak legealdiaren orain arteko balorazioa egin du, eta Espainiako Gobernu berrituarekin lanean jarraitzeko asmoa agertu du. EH Bilduk, berriz, Jaurlaritzak oposizioarekiko izan duen jarrera kritikatu du.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. EUSKO JAURLARITZA
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 12a
19:23
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik urtebete igarota, legealdiaren orain arteko balorazioa egin du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio gobernuak pandemian zehar eginiko kudeaketa goraipatu du, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «hazkunde ekonomikoaren bidea» hasi dutela azpimarratu. Hala, «euskal gizartearen zerbitzura dagoen [gobernu] programa betetzeko konpromisioa» berretsi du lehendakariak, eta nabarmendu du urtebete honetan guztira hemezortzi lege ekinbide onartu direla, gobernu kontseiluaren zein legebiltzarreko talde politikoen proposamenen bitartez.

Koronabirusak baldintzaturiko legealdian, bere gobernuaren «lehentasuna» pandemiaren aurkako borroka izan dela adierazi du lehendakariak, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak prebentzioan esfortzu handiena egin duen autonomia erkidegoa osatzen dutela gehitu du. Ekonomiari dagokionez, berriz, nabarmendu du erkidegoan pandemian zehar galduriko jardueren eta lanpostuen %80 jada berreskuratu direla, eta datorren urtean zehar galdutako enplegu horiek bere osotasunean berreskuratuko direla aurreikusi du.

Bestalde, Espainiako Gobernuak gauzatu berri duen berrantolaketaren harira, Pedro Sanchezen gobernuarekin orain arte izandako «hizketak, negoziazioak eta akordioak» etorkizunean ere mantentzeko borondatea agertu du Urkulluk, «Gernikako Estatutua erabat betetzea» helburu gisa hartuta.

Legealdi «etsigarria»

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ere legealdiaren orain arteko balorazioa egin du Euskadi Irratian, eta, besteak beste, adierazi du Jaurlaritzak urte honetan eginiko lana «etsigarria» izan dela, «herri honentzako balazta bat». Hain zuzen, deitoratu du EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernuak EH Bildurekin izan duen harremana «askoz eskasagoa» izan dela oposizioko alderdiak Espainiako Gobernuarekin duena baino, eta Jaurlaritzarekin izan dituzten bilerak «konpromisoagatik» eta «laburrak» izateaz gain, «herri honen erronka nagusiei erantzuteko aukerarik ez» dutela eman.

Halaber, pandemia hasi zenetik, EH Bilduk «proposamenak egiteko jarrera» agertu duela nabarmendu du Iriartek, baina kexatu egin da Jaurlaritzaren partetik jasotako erantzun faltarengatik: «Legebiltzarrean aurkeztu ditugun proposamenen %83 baztertu dituzte, askotan gerora gai horiek berrartu eta, modu batera edo bestera, gauzatu egin diren arren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.