Arrazakeria

«Sartzea ukatu zidaten, beltza izateagatik»

Bere azal koloreagatik Baionako ostatu batera sartzea errefusatu ziotela salatu du 23 urteko gizon batek. Larunbat gauean gertatu zen eraso arrazista. Salaketa jarri du Baionako polizia etxean. Ostatuko jabeak erran du ez duela gertatutakoaz informaziorik: «ez diot sinesgarritasunik ematen. Ez diogu sekula inori sartzea ukatu bere azal koloreagatik».

Baionako Pannecau karrikan dago Jean Bart ostatua. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko uztailaren 12a
13:31
Entzun

Haserre dago M.X. (ez du egiazko izena eman nahi): «Humiliantea da!». Baionako Pannecau karrikan dagoen Jean Bart ostatuan sarrera ukatu zioten larunbat gauean, beltza izateagatik. BERRIAk jasotako lekukotasunaren arabera, zaindariak erran zion nagusiaren agindua zela beltzak sartzen ez uztea, eta gauza bera berretsi zuen abokatu baten aitzinean ere. Poliziari dei egin zioten esku har zezan, baina haiek erantzun zioten ez zutela ibilgailurik libre. Salaketa jarri du gaur goizean, Baionako komisaldegian, diskriminazio arrazistagatik. «Gaitzitua naiz, zauritua. Inguruko nehork ez zuen ezer erran».

Ostatuko arduradunetako batekin mintzatu da BERRIA. Sinesgarritasuna kendu dio salaketari: «Ez naiz ezeren jakinean; ez dugu salaketarik jaso. Ez dut sinesten halakorik gertatu denik», adierazi du. Segurtasuna enpresa pribatu batek kudeatzen duela azpimarratu du, eta baieztatu du haien ostatuetan ez dutela inor diskriminatzen. «Ez diogu sekula inori sartzea ukatu bere azal koloreagatik».

22:40 ziren, larunbat gauean. Lagun batekin trago bat hartzeko asmoz, Baionako Pannecau karrikan dagoen Jean Bart ostatura joan zen M.X. «Zaindariaren aitzinera iristean, erran zigun ez zela sartzea posible izanen. Galdetu genion zergatik, eta erantzun zigun nahaspila eta arazoak sortzen dituztela beltzek ostatu barnean», kontatu du. «Erran nion badela sei urte hemen bizi naizela, eta ez dudala sekula arazorik izan. Erantzun zigun nagusiaren aginduak zirela, eta berak ordaintzen zuela».

Francisco Sanchez abokatuari dei egin zion M.X.-k berehala, laguntza eskatzeko. Ostatura iritsi zenean, abokatu karta erakutsi, eta errandakoa berretsi zion zaindariak. «Erran zuen nahi zuenari onartzen ziola sarrera: ‘Ez zarete sartuko, beltzek gerla hedatzen duzue munduan’», esplikatu du abokatuak. «Francisco eta ni ostatuko jabea kontaktatzen entseatu ginen, baina haien telefonoan beste norbaitek erantzuten zuen. Zaindariarekin mintzatzen saiatzen nintzen bakoitzean erantzuten zidan nirekin ez zuela hitzik eginen», azaldu du M.X.-k.

Poliziari hots egin zioten, gertatua azaldu eta esku har zezatela eskatzeko. «Erantzun ziguten ez zutela ibilgailurik libre tokira etorri ahal izateko. Gora Frantzia!», haserretu da M.X. Baionako komisaldegian salaketa ezartzea erabaki du, diskriminazio arrazistagatik, eta Frantziako arartekoari ere dei egin diote. «Eskandalu bat da, humiliantea da!», errepikatu du, behin eta berriz M.X.-k. «Denen aitzinean blokeatu gintuzten, beltza izateagatik. Gaitzitua naiz, zauritua».

Erreakziorik ez

Baiona Txikian publiko gehien biltzen duen ostatuetarik bat da Jean Bart. Astebururo jende mordoa ibiltzen da bertan, besta giroan. Larunbatean ere bazebilen jendea, baina inguruko inork ez zuen erreakziorik izan. «Inork ez zuen hatz bat ere mugitu. Horrek erran nahi du, 2021ean, segregazioa onartzen dugula gure begien aurrean. Beltz bati eraso egiten badiote, inor ez da mugitzen; gauza bera da homosexuala edo emakumea bazara. Harritzen nau Baiona bezalako herri batean. Ez du inor asaldatzen».

Xehetasun «garrantzitsu» bat azpimarratu nahi du izan du M.X.-k: «Zaindaria biziki handia zen, 1,85 neurtzen zuen. Eta beltza zen. Zuri batengandik agindua jaso duen beltz bat. Erran nahi du 1950-60eko Estatu Batuetara itzultzen garela. Rosa Parks gogorarazi dit niri: beltzak behartuak gara zuriei lekua uztera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.