Haiti

Haitiko Poliziak Moiseren hilketaren «egile intelektualtzat» jotzen duena atxilotu du

AEBetatik iritsitako mediku bat atzeman dute. Presidentearen kontrako operazioa egiteko, AEBetan jarduten duen Venezuelako segurtasun enpresa pribatu bat kontratatu zuela uste du Haitiko Poliziak. Enpresa horrek Venezuelako oposizioarekin loturak dituela dio Nicolas Madurok.

Polizia agente bat pasa den astean hil zuten Jovenel Moise presidentearen etxea zaintzen, atzo, Port-au-Princen. ORLANDO BARRIA / EFE
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 12a
11:51
Entzun

Haitiko Poliziak atzo jakinarazi zuen Christian Emmanuel Sanon atxilotu zuela, Jovenel Moise presidentea hil zuen operazioaren ustezko buruetako bat. Medikua da Sanon, eta Floridan (AEB) bizi da duela bi hamarkadatik.

Leon Charles Haitiko Poliziaren zuzendari nagusiaren arabera, presidente bihurtzeko helburua jarria zion Sanonek bere buruari, eta asmo hori zegoen joan den asteko operazioaren atzean. Azaldu zuen, Poliziak Moise hil zuen komandoko zenbait kide atxilotu zituenean, haiek egin zuten lehenengo gauza Shanoni deitzea izan zela. Poliziak uste du Sanon hegazkin pribatu batean iritsi zela Haitira, haren bizkartzain izateko kontratatutako sei kolonbiarrekin batera. Ondoren, baina, Sanonek bere bizkartzainei beste lan bat eman ziela zehaztu zuen Charlesek: «Presidentea atxilotzea». Beste operazio bat hasi zen hor, haren esanetan, eta horretara batu ziren beste 22 lagun.

«Sanon hegazkin pribatu batean iritsi zen ekainean, helburu politiko garbiekin, eta segurtasun enpresa pribatu batekin kontaktuan jarri zen, hilketa gauzatu zutenak batzeko», azaldu zuen Charlesek, eta zehaztu, kontratatutako enpresa CTU dela, AEBetan jarduten duen Venezuelako enpresa bat. Hain justu, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak herenegun argitu zuen enpresa horren jabea Antonio Intriago dela, herrialde horretako oposizioarekin lotura duen enpresari bat eta, Maduroren esanetan, «Juan Guaidoren eta Leopoldo Lopezen laguna».

Armak eta munizioa aurkitu zituen Poliziak Sanon etxearen miaketan, baita DEA AEBetako Drogen Aurkako Agentziaren bisera bat ere. Haren aurkako froga argigarrienetako bat da hori Poliziarentzat. Izan ere, Moise hil eta gutxira, gertakariaren bideo bat zabaldu zen zenbait hedabidetan, eta bertan hainbat lagun ageri ziren, DEAren polizia operazio bat simulatzen.

Sanonen moduan, erasoaren «egile intelektualtzat» jotako beste bi pertsonaren bila ere ari da Polizia. Sanonen etxearen miaketan, beste bi lagunen parte hartzea baieztatzen duen informazioa topatu zutela adierazi zuen Charlesek. Operazioaren finantzaketaren inguruko ikerketa ere zabalik dauka Haitiko Poliziak, jakiteko nork ordaindu zien ustez Sanonek kontratatutako pertsonei.

Segurtasun burua, susmopean

Bestalde, erasoa jasan zuenetako bat izatetik erasoaren ustezko egileetako bat izatera pasa da Dimitri Herard Moiseren segurtasun burua, eta bihar eta etzi galdekatuko du Poliziak. Hilketaren aurretik ere ikerketapean zegoen, arma trafikoa leporatuta, baina haren inguruko informazio berria zabaldu du CEPR Politika Ekonomikoen Ikerketa Zentroaren txosten batek. Moiseren hurbileko pertsona bat aipatzen da ikerketa horretan, nahiz eta, «segurtasun arrazoiengatik», haren izena ez dagoen jasota. Ikerketaren arabera, pertsona horrek azaldu zuen Moisek bazuela Herarden kontrako ikerketaren berri, eta «AEBak horren kargu egiten ari zirela» esan ziola. Herardek segurtasun nahiz arma enpresekin izandako loturen berri ere ematen da txostenean. 2012an, Ekuadorreko Eloy Alfaro akademia militarrera joan zen Herard, beste hainbat lagunekin batera, informazio horren arabera, eta 2017an hasi zen Moiseren segurtasuna zaintzen, hark kargu hartu ondoren.

Segurtasun enpresa pribatu bateko kide ere bazela dio ikerketak, eta horrek "interes gatazka garbi bat" erakusten duela. Hala ere, zehazten du polizia agenteen artean geroz eta ohikoagoa bihurtzen ari dela hori. Iaz HOFSA izeneko arma enpresa bat eratzeko Herarden eta bere senide baten asmoen berri ere ematen du. Txostenak dioenez, Aby Larco enpresariaren atxiloketaren ondoren sortu nahi izan zuten enpresa hori, zeinari «Haitiko arma trafikoaren iturri garrantzitsu bat» izatea egozten baitiote.

Funtsean, arma trafikoarekin eta talde armatuak hornitzearekin lotzen du ikerketak Herard. «Polizia agenteak eta gobernuko funtzionariak sarritan kexatzen dira, esanez ez dutela nahikoa baliabide edo su-ahalmen talde zinil armatuei modu egokian aurre egiteko. Aldi berean, talde horietako asko egungo polizia agenteen nahiz aurrekoen babesean oinarritzen dira, baita politikarienean eta sektore pribatuko aktoreenean ere», dio ikerketak.

Halaber, beste atxiloketa bat ere egin zuten atzo. Kolonbiako militar ohi bat atzeman zuten, eta, horrenbestez, 18 dira Moiseren hilketarekin lotuta atxilotutako kolonbiarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.