Gaur hasi da 13/13 sumarioaren epaiketa. Aurretiazko gaiekin hasi dira, eta bihar deklaratuko dute akusatuek, printzipioz. Hala ere, jakinarazi dute litekeena dela bihar egitekoa zen saioa bertan behera geratzea. Izan ere, gaurko saioaren atseden une batean txertoa hartu du epaimahaia osatzen duten magistratuetako batek, eta hark erreakzioa egin dio: ondoeza sentitu du. Ondoezak okerrera egiten badu, biharko auzi saioa bertan behera utziko dute.
Auzipetuen defentsak hasi du saioa, eta gero Jose Perals fiskalak eta herri akusazioak hartu dute hitza. Alfonso Zenon, Enparantza eta Zuluetaren abokatuak hartu du lehenengo hitza. Zenonek eskatu du saioa Youtube bidez ez emateko, lekuko batzuek ikus dezaketelako akusatuek esaten dutena. Era berean, salatu du ez direla defentsak proposatutako lekuko batzuk onartu, eta lekuko gisa deklaratuko duten guardia zibilek aparteko babes neurririk gabe deklaratzeko eskaria ere egin du. Eskaerak ez dizkiote onartu, eta epaiketa zuzenean ematen jarraituko dute, eta guardia zibilek babestuta deklaratuko dute.
Zuluetaren eta Enparantzaren aurkako akusazioak «Guardia Zibilaren gezur batean» oinarritzen direla ere salatu du abokatuak. Errugabetasun presuntziorako eskubidea ere urratu zaie, Zenonen iritziz: hedabideetara filtratu ziren datuak, eta erruduntzat jotzen dituzte; baita Barne ministroak ere: «ETAko kidetzat aurkeztu zituen, inolako zalantzarik gabe».
Jone Goirizelaia, Naia Zuriarrainen abokatuak hartu du hitza gero. Azaldu du 'non bis in idem' printzipioa urratzen ari zaiola Zuriarraini, akusazio berarengatik zigortua izan zelako 2019an. Esan duenez, epai horrek jada aipatzen zuen «Halboka» eta «Koordinazio Taldea»: «Gauza berberei buruz hitz egiten ari gara, gauza beraz akusatzen ari dira». Gaineratu du 2019ko sententziaren arabera, Zuriarrain ETAko, «kartzelen fronteko» eta Koordinazio Taldeko kide zela. Bigarren aldiz epaitua izateko, kidetza hori noizbait eten egin beharko zela argudiatu du abokatuak, eta, polizien txostenen arabera, kidetza hori ez dela eten. Zurriarain prozeduratik kanpo uzteko eskatu du.
Defentsako abokatuek aho batez adierazi dute akusatuei benetako babes juridikorako eskubidea urratu zaiela. Azkenik, Aiert Larrarteren txanda iritsi da, Zelarainen eta Sarriegiren abokatua. Larrartek CNIren entzuketak «babes legalik gabe» egin direla azaldu du, «botere banaketa urratuta, defentsarako eskubidea urratuta». Gainera, ondorioztatu du Zelarain ere jada epaitu dutela auzi honetan epaitzen ari diren akusazioengatik.
Ondoren, Jose Perals fiskalak hartu du hitza. Epaiketa zuzenean ematearen alde agertu da: «Beharrezkoa da ikustea nola garatzen den justizia». Guardia zibil lekukoek babestuta deklaratzearen alde ere egin du, argudiatuta «errepresaliek» jarraitzen dutela. Gaineratu du, 2010eko apirilean, atxiloketak egin ziren unean, ETAk hiltzen jarraitzen zuela oraindik. Azkenik, herri akusazioaren txanda iritsi da. Argudiatu du ikerketa ez duela abiatzen CNIk, eta, beraz, haren entzuketek ez dituztela akusatuak babesgabe uzten.
Soka luzea dakarren epaia
Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi 13/13 sumarioan epaitzen ari diren zortzi euskal herritarrak. 77 urteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete, ETArekin lotura izan zutelakoan eta 2010ean egindako polizia operazio batean oinarrituta. Hau da, sarekada izan zenetik 11 urtera egingo dute epaiketa, eta ETAk bere jarduna amaitu zuenetik hamar urte igaro direnean.
EH Bilduko ordezkariak eta auzipetuak goizean goiz heldu dira epaitegira, eta auziaren irregulartasunak salatu ditu Julen Zelarainek atarian. Eragile ugarik esandakoa ere gogorarazi du: epaiketa «lekuz eta garaiz kanpo» dagoela.
Auziaren irregulartasunak salatu ditu Julen Zelarainek, eta gogorarazi eragile ugarik esandakoa: epaiketa hau "lekuz eta garaiz kanpo" dagoela @berriapic.twitter.com/FudRUVLFKF
— Jon O. Urain (@olano_urkia) July 12, 2021
Izan ere, eragileek hainbat aldiz esan dute ez dutela ulertzen nola den posible fiskaltzak Dena da ETA goiburua iparrorratz gisa erabiltzen zuen garaiko akusazio eta eskaerak egin izana. Hasiera batean hamar lagun atxilotu zituzten: Arantxa Zulueta, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza abokatuak; Naia Zurriarain, abokatuen Bilboko bulegoan lan egiten zuena; Saioa Agirre, Etxerat elkarteko bozeramaile aritutakoa; Asier Etxabe, Juan Mari Jauregi, Erramun Landa, Jose Luis Gallastegi eta Domingo Aizpurua.
Horietatik lehenengo bostak espetxean sartu zituzten Grande-Marlaskaren aginduz. Besteak libre utzi zituzten; Etxabe eta Jauregi, bermea ordainduta. ETAko kide izatea edo hari laguntzea eta ETAren eta presoen artean «zubi lana» egitea leporatu zien epaileak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzian epaitu eta zigortutako zenbait pertsonaren izenak ere aipatzen zituen Grande-Markaslak autoan.
Zelarainek gaur beste behin salatu du bai operazioan zein instrukzioan «eskubide urraketa larriak» gertatu direla: torturez gain, abokatuen bulegoen «legez kanpoko miaketak» eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuek «epailearen baimenik gabe» egindako entzuketak eta jarraitzeak salatu dituzte auzipetuek askotan. Guardia Zibilaren «txosten ilegalak» ere aipatu ditu Zelarainek.
Operazioa gauzatu zen garaian BERRIAk eskuratu zuen txosten bati egiten dio erreferentzia.Txostena atxilotuei eman beharreko tratuari buruzkoa zen. Argi azaltzen zen hiru abokatuek «tratu bikaina» jaso behar zutela; gainerako atxilotuen inguruan, zehazten zen tratu ona eman behar zietela «miaketen aurretik»; txostenak ez zekarren ezer miaketen ostean jasoko zuten tratuaz, eta, beraz, ondorioztatzen da haiekin ohiko prozedura erabili behar zutela.
Auzipetuek horiek guztiak epaiketan azaltzeko asmoa dute, tortura salaketak barne, baina ez dakite epaimahaiak horretarako tartea utziko ote dien: epaileek akusatuen torturen lekukotzak etetea ez da ezohikoa Auzitegi Nazionalaren epaiketetan.