Italia 1-1 Ingalaterra (3-2)

Italiak irabazi du Eurokopa, penaltietan, Ingalaterraren aurka eta Wembleyn

Ingelesak bigarren minutuan aurreratu dira, baina italiarrek lekua berreskuratu dutenean zelaia bereganatu dute eta 67. minutuan berdindu dute finala. Donnarumma atezainak bi penalti geratu ditu.

Italiako jokalariak, garaipen ospatzen. ANDY RAIN / EFE
jon ordonez garmendia
2021eko uztailaren 11
21:55
Entzun

Luzapena eta penaltiak. Italiak eta Ingalaterrak 1-1 amaitu dute Eurokopako finala. Aurreko hainbat kanporaketa bezala, arauzko denbora ez da aski izan partidaren garailea nor den erabakitzeko. Ezta luzapena ere. Penaltietan erabaki da nor den 2020ko (pandemiagatik atzeratu zen) Eurokopako txapelduna: Italia.

Ez da garaipen makala. Atzo Argentinak Brasili Maracanan irabazi zion Amerika Kopako finalean, eta Italiak gauza bera egin du gaur Wembleyn Ingalaterraren aurka... eta penaltietan. Italiak bota du lehena, eta Berardik sartu egin du (1-0). Kanek bota du ingelesen lehena eta horrek ere ez du hutsik egin (1-1)

Belottik bota du italiarren bigarrena eta Pickfordek asmatu egin du eta geratu egin dio. Maguirek bota du ingelesen bigarrena, eta maisuki sartu du, gora eta eskuinera. 1-2 aurreratu dira ingelesak.

Bonuccik bota du Italiaren hirugarrena. Pickfordek asmatu egin du jaurtiketaren norantza, baina gora bota du italiarrak eta sarean sartu du (2-2). Rashfordekek huts egin du ingelesen hirugarrena, eta berriro berdindu da markagailua.

Bernardeschik bota du laugarrena eta ezkerrarekin erdi-erditik sartu du penaltia (3-2). Sanchok bota du ingelesen laugarrena eta Donnarummak geratu egin du.


Donnarummaren geldiketa erabakigarria, Sakaren penalti jaurtiketan, azkenekoan. / Carl Recine, EFE

Penaltien azken txandan, Pickfordek jaurtiketak gelditu dio Jorginhori, baina Donnarummak ere azkena gelditu dio Sakari (19 urterekin azken penaltia botatzeko ardura izan du ingelesak), eta 3-2 amaitu dira penaltiak. Urte askoan gogoratzeko finala izango da, aurkariengatik eta lekuarengatik, hasteko moduagatik eta amaitzeko moduagatik.

Ingalaterraren gola, 2. minutuan

Azkar, oso azkar, aurreratu baita Ingalaterra markagailuan. Partidaren bigarren minutuan, jokalariak euren lekua hartzen ari zirela aurreratu dira ingelesak. Baloia bere zelaian berreskuratu eta Trippierri iritsi zaio eskuin hegalean. Maisuki erdiratu du bigarren zutoinera, eta Shawk bikain jo du baloia. Pozez zoratzen ospatu dute gola zaleek, inork ez baitzuen espero horrelakorik hain azkar (ezta nola bukatuko zen finala ere).

Ez dago jakiterik orain gola hain azkar jasotzeak Italiaren jokoa baldintzatu duen, edo Gareth Southgate hautatzailearen estrategia izan den Italia ito duena; hiru zentraleko hamaikakoa zelairatu baitu: Maguire, Stones eta Walker. Gauza da Italiak ez duela erreakzionatu lehen ordu ordu erdian. Baloia izan dute hanka artean jokalariek, baina arrisku jokaldirik apenas sortu dute. Pase luzeekin saiatu da lehenik, baina atzelari ingelesek ez dute hutsik egin. Urrutitik atezaina ezustean harrapatzen ere saiatu dira italiarrak: Chiesak lehen ordu erdia pasatu berri eta Bonuccik lehen zatia amaitzear zela.

Gol aukera garbiena Insegnek izan du lehen zatian. Eskuinetik iritsi zaio baloia, eta zetorkion bezala jo du. Italiarren zoritxarrerako, baina, baloiak atzelari batengan jo du, eta 0-1ekoarekin joan dira jokalariak aldagelara. Atsedenak, ordea, ez du eten Italiak 30. minututik aurrera izan duen garapena. Pixkanaka joan dira lekua kentzen Ingalaterrari, eta bigarren zatian Chiesa eta Insegne behin eta berriz saiatu dira gola egiten. Azkenean, korner batean iritsi da gola: hiru jokalari italiar saiatu dira nola edo hala erdiraketa errematatzen, baina azkenean Bonucciri iritsi zaio eta horrek sartu du.

Banakoarekin ez dira konformatu italiarrak eta saiatu dira gogotsu bigarren gola sartzen. Chiesa izan dute buru lan horretan, eta horrek min hartu eta jokoa eten denean, 30. minutuan hasitako gorakada ere gelditu egin da. Bana amaitu da partidaren arauzko denbora.

Luzapena oso bestelakoa izan da. Ezin da esan talde bakoitzarentzat zati bat egon denik, biak ere nor baino nor aritu baitira. Partida ireki egin da, eta gol aukerak bi aldeetan izan dira. Azkenean, baina, penaldietan erabaki da, eta Italiak merezitako kopa altxatu du. Txapelketa bikaina jokatu baitu, hasiera hasieratik.

Italiaren txapelketa gogoangarria

Lehen faseko hiru partidak irabazi zituzten italiarrek, Turkiaren (3-0), Suitzaren (3-0) eta Galesen (1-0) aurka. Final-zortzirenetan sufritu egin zuten Austriaren aurka, eta luzapenean lortu zuten sailkapena: 1-2. Final-laurdenetan ere 1-2 irabazi zion Belgikari Spinazzolak min hartu zuen partidan; lesioaren ondorioz, txapelketa honetan jokatzeari utzi behar izan zion ordura arte jokalari onenetako bat izan zenak.

Finalerdietan luzapena eta penaltiak jokatu behar izan zituzten italiarrek Espainiaren aurka. Finalean bezala, bana amaitu zuten partida. Penaltietan Jorginhok bota zuen penalti erabakigarria, finalerako txartela eman ziena. Gaur horrek huts egin du, eta Donnarumma ateazaina izan da azken jaurtiketa erabakigarriaren protagonista. Italiak Eurokopa irabazi du 53 urte geroago, hamar eguntan 120 minutuko hiru partida jokatuz eta txapelketako azken bi partidak pentaltietara irabaziz. Wembleyn, Ingalaterraren aurka.


Italiarrak, garaipena ospatzen. / Michael Regan, Pool, EFE

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.