«Nork esan behar zigun duela hamar urte oraindik kartzelak betetzen jarraitu behar zutela». Astelehenean hasiko da 13/13 sumarioko epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta hori salatzeko manifestazio bana egin dute gaur Bilbon eta Donostian. Bizkaiko hiriburuan Alfonso Zenon abokatuak azaldu du fiskaltzarekin kontaktuak izan dituztela baina ez dutela lortu akordio batez hitz egiteko esertzea ere.
Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi epaituko dituzte, 2010ean euskal presoen eskubideen alde egin zuten lana «ETAren mende» egin zutela iritzita. Gaurko manifestazioetan hainbat eragile izan dituzte eurekin auzipetuek. Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentariak esan du kartzela husteko garaia dela, eta ez betetzekoa. Dabid Lizarralde LABeko kideak azaldu du elkartasuna helaraztera joan dela, eta Leire Txakartegi ELAkoak salatu du prozedura judiziala irregulartasunez eta «kutsu politikoz betea» egon zela.
Txalo artean abiatu da manifestazioa pic.twitter.com/C1Se1dB9ty
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) July 10, 2021
David Fernandez Kataluniako ANCren presidenteordea ere egon da Bilboko manifestazioan.
Manifestazioen bukaeran agiri bat irakurri dute: Donostian, Beñat Luxarretak irakurri du, eta Bilbon, berriz, Ane Larreak eta Joxe Moralesek. Agirian gogorarazi dute auziaren iturburuan dagoen polizia operazioa egin zutenean, duela 11 urte, ezker abertzalea «konfrontazio armaturik gabeko agertoki politiko berria lortzeko prozesu betean murgilduta» zegoela, eta orduan atxilotu zituzten pertsonak ere lanean ari zela «presoak agertoki horretan eragile aktibo» izan zitezen.
«Gurpil zoro honek behingoz gelditu behar du», adierazi dute agirian; «aurrera egiteko determinazio irmoa dugu. Iraganera kateatuta nahi gaituzte. Bizitza proiektua hondatu nahi diete auzipetuei eta haien ingurune hurbilari».
Bilbon, agiria irakurri ostean, Arantza Zulueta eta Saioa Agirre auzipetuak jendetzaren aurrean agertu dira, eta, txalo artean, eskerrak eman dizkiete bildutakoei. «Guk ere maite zaituztegu»., esan du Zuluetak. «Zuek gabe, ezinezkoa izango zen gu Madrilera hain indartsu joatea. Indartsu goaz, baina kezkatuta ere bai, Auzitegi Nazionala ezagutzen dugulako eta badugulako han erabiltzen dituzten trikimailuen berri».
Epaiketa astelehenean hasiko da; uztailean zortzi saio izango ditu, eta abuztuko etenaldiaren ostean, irailean beste zortzi saio egingo dituzte. Irailean, Donostiako estropadekin batera, beste mobilizazio bat egingo dute epaiketa salatzeko.