Datorren astelehenetik aurrera, Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi euskal herritar epaituko ditu, ETArekin lotura izan zutelakoan eta 2010ean egindako polizia operazio batean oinarrituta. Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre Arauko, Nerea Redondo Otamendi eta Juan Maria Jauregi dira auzipetuak; orotara, 77 espetxe urte eskatzen dizkiete.
Horren aurrean, EAJko, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek adierazpen bat adostu dute. Horretan, «estatuko sektore batzuek bultzatzen duten estrategia politiko-judiziala» salatu dute: «Gure herrian irekitako denbora berriaren ostean, sektore hauekjarduera honekin jarraitzen dute, 'dena ETA da' printzipio salatzailea oinarri hartuta». Gaineratu dute 13/13 auzia «denboraz eta lekuz kanpo» dagoela: «Gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzeko kontrako norabidean doa».
Hiru talde parlamentarioek azaldu dute «beti» egon direla «salbuespenezko legediaren aurka», eta berretsi dute «oso larria» dela «13/13 sumarioa bezalako epaiketekin jarraitzea». Era berean, «konpromisoa» agertu dute «guztion artean eraikitzeko bake eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna, euskal gizarteak eskatzen duen norabidean aurrera egitea oztopatzen diguten iraganeko estrategiak, jarrerak eta jokabideak alboratuz».
Epaiketa hasi baino lehen, azken mobilizazio eta manifestazioak egingo dituzte asteburu honetan. Donostian eta Bilbon egingo dituzte, larunbatean, eta eguerdian izango dira biak, 12:00etan: Saguesetik irtengo da lehena, eta Jesusen Bihotza plazatik bigarrena.
Atzo, sumarioaren inguruko mahai inguru bat egin zuten Bilbon, eta akusatuek adierazi zuten auzia «torturak pozoituta» dagoela hastapenetatik. Hain zuzen, Guardia Zibilaren esku zegoela bizitakoa kontatu du Nahia Zuriarrain auzipetuak.