«Ekonomia eta finantza irizpideak ezartzea sustatuko duen eremu bat izango da barrutia; betiere, talentuan, esperimentazioan eta originaltasunean oinarritutako sektorearen berezitasunak errespetatuz». Hala aurkeztu du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak BDCC Basque District of Culture and Creativity Euskadiko Kultura eta Sormen Barrutia. Zupiriaz gainera, aurkezpenean izan dira Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendaria eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria. Plataformaren bitartez, kultura eta sormen industriei lotutako enpresen kudeaketa profesionalizatzea eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea lortu nahi dute.
Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak, SPRI taldeak eta Innobasquek lankidetzan sortutako proiektu bat da, eta BDCC Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana 2030ean kokatu dute. Gaur goizean izan da aurkezpena Bilboko Zorrotzaurreko La Terminal kultura eta sormen industriako fabrikan, garai bateko estanpazio eta galdaragintzako lantegi zaharrean, eta, hura garatzeko, Flandes BDCC izeneko plataformaren eredua hartu dute oinarri gisa.
Plataformaren bitartez, kultura eta sormen industriei lotutako enpresetan identifikatutako erronkei erantzuna ematea lortu nahi dute. Zupiriaren hitzetan, «herri proiektu bat» da, eta, besteak beste, honako eginkizun heuk betetzeko helburua du: «Ekintzailetza sustatzeko beharra, negozio planak hobetzea eta haien enpresa dimentsioa egokitzea, jabetza intelektualaren babesa erraztea, nazioartekotzen eta merkatu berrietara sartzen laguntzea, trantsizio digitala arintzea, talentua erakartzea, atxikitzea eta hari prestakuntza ematea, edo jarduera babesteko laguntza eta zerbitzuei buruzko informazioa areagotzea». Hori lortzeko, Interneteko programak eta tresnak bildu ditu BDCC plataformak. Hartara, modu didaktikoan eta praktikoan, negozioetako «askotariko alderdien» inguruan gogoeta egiteko aukera izango dute industria horietako enpresek eta profesionalek.
Laburbilduz, beraz, honako hau eskainiko du BDCC plataformak: informazio eta orientaziorako zerbitzuak, era autonomoan erabili ahal izango diren tresnak, administrazio publikoen laguntza programen bideraketa, eragile adituen eta sektoreko erakunde espezifikoen zerbitzu eskaintza, informazio eguneratua eta newsletter-ak, eta azkenik, etengabeko prestakuntza irekia kultura eta sormen industriak dituen zeharkako erronkei erantzuna emateko. Era berean, aurrera begira, «Euskadik nazioartean, kultura eta sormen industriei dagokienez, erreferentziazko posizionamendua» izatera iritsi nahi dute, Zupiriaren hitzetan.
Hobekuntza horretan, ezinbestekoa izango da berrikuntza, bai teknologikoa, baita ez-teknologikoa ere. Bide horretan, teknologia eta berrikuntzaren Euskadiko sarean kultura eta sormen industrien presentzia sendotzea izango da BDCC plataformaren eginkizunetako bat. «Plataforma honek Euskadiko sektorea egituratzen eta kohesionatzen lagunduko du, berritzailea dena are berritzaileagoa eginez», esan du Leire Bilbaok. Leyre Madariagak, berriz, honako hau gehitu du: «Kulturaren eta sormenaren sektorea biziberritzeko, eta ekonomiaren bultza indar gisa duen ahalmen guztiari etekina ateratzeko balioko du».
Zupiriak adierazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %9,9 dira kultura eta sormen Industrian lan egiten duten enpresa eta langile independenteak. Zehazki, 45.365 pertsona inguru, eta horiek enpleguaren %5,31 sortzen dute.
Bi industriek, denera, hamabost azpisektore hartzen dituzte, Jaurlaritzaren arabera: sei azpisektore kultural –arte eszenikoak, ikusizko arteak, ikus-entzunezkoak, edizioa eta inprimaketa bitartekoak, musika eta kultura ondarea– eta sormenaren arloko beste bederatzi –arkitektura, artisautza, eduki digitalak, diseinua, gastronomia, hizkuntzaren industriak, moda, publizitatea zein marketina eta bideo jokoak–.
Datozen urteetan, Gaia, Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien elkartea arduratuko da BDCC barrutiaren zerbitzu guztiak eskaintzeaz eta plataforma garatzeaz. Hala ere, sare horretan, bestelako erakunde batzuek ere parte hartuko dute. Tartean, unibertsitateek, administrazioek, gizarte eragileek, eta, batez ere, ekonomia jardueraren beste alor batzuetako enpresek.