13/13 AUZIA

Naia Zuriarrain: «Eztanda egin nuen, eta nahi zuten dena esango niela esan nien»

Uztailaren 12an epaituko dute Naia Zuriarrain, 13/13 sumarioan. 2010ean egindako sarekada bat du oinarri auziak, eta garai hartan Guardia Zibilaren eskutik jasandako torturei buruz hitz egin du bideo batean.

Nagore Arin.
2021eko uztailaren 8a
13:17
Entzun

Uztailaren 12an epaituko dituzte Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2010ean euskal presoen eskubideen alde egin zuten lana «ETAren mende» egin zutela iritzita. Euskal presoen abokatuak edo presoen aldeko mugimenduan ibilitakoak dira guztiak, eta, hamar urte pasatxo eta testuinguru aldaketa nabarmen baten ondoren, astelehenean epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean.

13/13 auziak 2010ean egin zen sarekada bat du oinarri. Fernando Grande-Marlaska gaur egungo Espainiako Barne ministroak agindutako operazio hartan, hamar lagun atxilotu zituzten, baina azkenean hamahiru auzipetu zituzten. Horietako zenbait auzipetuk salatu zuten torturatuak izan zirela, eta gaineratu zuten emakumeen kasuan are urrunago joan zela tortura eta tratu iraingarri hori. Epaiketa hastear den honetan, jasan zituen tortura eta tratu laidogarri horien guztien kontakizuna egin du Naia Zuriarrain auzipetuak. Bideo baten bitartez adierazi ditu atxilotuta egon zen bost egunetan bizi behar izan zuenaren nondik norakoak.

«Nire bila etorri ziren ziegara, eta zarata handiz eta bortizkeriaz eraman ninduten gela batera, karatula bat jarrita. Gelan sartu bezain pronto konturatu nintzen zapaltzen nuen lurra biguna zela, goma-aparrez egina balego bezala». Hala gogoratu ditu atxilotu ondorengo lehen momentuak, eta nabarmendu du hasieratik bortizkeriaz tratatu zutela. Gelara sartzean, argitasuna sentitu zuela azaldu du, eta Espainiako Guardia Zibilaren agente bat bere eskuinaldean jarri zela sumatu zuela: «Belarri ondo-ondoan jarri, eta ‘hitz egingo duzu’ oihukatu zuen bere indar guztiarekin. Oihu bakoitzaren ostean txistu gisako bat sumatzen nuen belarrietan. Bitartean, beste guztiak, mutu».

Jarraian, «gaizki» pasatuko zuela esan zioten, eta haien «etsai» kontsideratzen zutela. Horren ondoren, gelditu ere egin gabe etorri ziren irain eta eraso askotarikoak. Bera biluzten saiatu ziren lehenik, eta, nahi zutena egin ez zuenez, hiru-lau agenteren artean hasi ziren bera biluzten: «Gogor eusten saiatzen nintzen, aurka egiten, baina indarrez kentzen zizkidaten jantziak. ‘Bero jartzen gaitu aurka egiteak’, esaten zidaten». Bideoan gogoratzen duenez, azkenean kuleroetan utzi zuten, eta bi besoak goma-aparrez inguratu zizkioten, era horretan, tratu txarren arrasto posible guztiak deuseztatzeko: «Guztiz estalita nituen besoak eta eskuak, besapera arte heltzen zitzaidan goma-aparra».

Guztiz biluzita, bere gorputzari buruzko iruzkin kalifikatzaileak egiten hasi zirela azaldu du auzipetuak, eta bitartean ukituak ere egiten zizkiotela: «Komentarioak egiten zituzten nire gorputzaren inguruan, nazka ematen niela eta abar. Titiak, gorputza… ukitzen zizkidaten, eta bitartean botila batetik ur hotza botatzen zidaten burutik behera, lepotik behera…». Ur hotza botatzen zioten bakoitzean, «abisatu dizugu gaizki pasatuko zenuela» eta horrelako esaldiak esaten zizkioten, atxilotuak berari egiten ari zirena saihestu ahalko balu bezala. Gero, poltsarekin jarraitu zuten: «Arnasa hartzen hasi eta poltsa ahora sartzen zitzaidan; ito egiten nintzen». Hori ikusita, poltsa hortzekin hausten ahalegintzen zen Zuriarrain, baina hautsi eta berehala beste bat jartzen ziotela azaldu du: «Halako batean arnasa ez hartzen saiatu nintzen zorabiatzeko, ea horrela gelditzen ziren, baina ez nuen asko iraun».

Azkenean, zorabiatu eta lurrera erori zela kontatu du, baina oraindik egoeraz kontziente izaten jarraitzen zuela: «Lurrean nengoela nire gainera bota ziren. Alde egiten saiatzen nintzen, baina ezin nuen». Hala, bere buruari min egin nahi izan ziola aitortu du, dena bukatu zedin: «Hormaren kontra jo nahi nuen, dena bukatu zedin nahi nuen, baina ezin nuen mugitu». Eta, une etsigarri horretan, are gogorrago torturatu zuten: «Buruz gora jarri ninduten, eta ur pila bat bota zidaten aurpegira. Ura sartu zitzaidan sudurretik, ezin nuen arnasa hartu». Tratu hori muturreraino eraman, eta azkenean eztanda egin zuen: «Eztanda egin nuen, eta nahi zuten dena esango niela esan nien».

Ez da bakarra izan

Hala, torturapean oinarritutako adierazpen batzuetan oinarrituta epaituko dute Naia Zuriarrain Espainiako Auzitegi Nazionalean, astelehenean. Zuriarrainen antzera, beste zenbait auzipetuk ere tortura jasan izana salatu zuten, eta horietako batzuk testigantza ere eman dute atxilotu zituztenean egin zietenaren inguruan; Saioa Agirre auzipetuak, kasurako. Bere kasuan ere bideo baten bitartez eman zuen testigantza, eta Zornotzako Mugimendu Feministarekin elkarlanean egin zuen, Gu ere Saioarekin lelopean. Bertan, atxilotu zutenetik egunez egun pasatu behar izan zuena xehatzen du.

«Madrilera iristean hasi ziren oihuak eta mehatxu etengabeak; gorriak ikusiko nituela esaten zidaten», dio bideoan. Ziegatik atera, eta beste ziega hotz eta zikin batera eraman zutela azaltzen du, eta bertan torturatu zutela: «Buruan kolpatzen zidaten, jo egiten ninduten». Kolpeekin batera, mehatxuak ere egiten zizkiotela kontatu du, eta berarekin «akabatu» nahi zutela errepikatzen zutela behin eta berriro. Horrekin batera, sexu abusuak ere egin zizkioten: «Ni biluzten hasten ziren, baina ez nienez uzten, sekulako zaplaztekoak ematen zizkidaten aurpegian. Biluzi nindutenean, iruzkin nazkagarri artean, gorputz osoan ukituak egin zizkidaten».

Larunbatean, manifestazioak

Astelehenean hasiko da epaiketa, Madrilen, eta, hasi baino lehen, azken mobilizazio eta manifestazioak egingo dituzte asteburu honetan. Donostian eta Bilbon egingo dituzte, larunbatean, eta eguerdian izango dira biak, 12:00etan: Saguesetik irtengo da lehena, eta Jesusen Bihotza plazatik bigarrena. Orain arte, ekitaldi, solasaldi eta bestelako ekitaldi asko antolatu dituzte Euskal Herri osoan auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazteko, bai auzipetuen sorterri eta bizitokietan, bai beste hainbat herri eta hirietan, eta epaiketa hasi aurretiko azken asteburuan ere gauza berbera egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.