Jaurlaritzak ez ditu gogortuko indarrean dauden neurriak

Goizean bildu da Labiren Aholku Batzordea, eta Urkulluk jakinarazi berri du indarrean dauden neurriei eutsiko zaiela, ZIUetako egoera onbidean delako, besteak beste. Kaleko edana eta jende pilaketak sortzen dituzten «festak eta ez-festak» debekatuko dituzte, dekretu bidez.

Iñigo Urkullu lehendakaria, gaur goizean, lehendakaritzan. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2021eko uztailaren 7a
10:17
Entzun

Uda hasi berritan birusak izan duen bilakaera okerraren datuak mahai gainean dituela bildu da Labiren Aholku Batzordea gaur goizean, lehendakaritzako egoitzan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru dela egin dute bilera, eta Bizi Berri IV plana izan dute aztergai. Bilera amaituta, Urkulluk jakinarazi du indarrean dauden neurriei eutsiko dietela, eta, beraz, ez dituztela gogortuko. Labiren mahai teknikoaren txostenetan eta Jaurlaritzak onartu berri duen Bizi Berri IV Planaren irizpideetan oinarrituta hartu dute gaurko erabakia. Plan horrek aurreikusten duen hirugarren agertokian daude momentu honetan hiru lurraldeak intzidentzia metatuari dagokionez, azken hamalau eguneko intzidentziak 150eko langa gainditu baitu. Haatik, planaren arabera, hemendik aurrera transmisioa ez da izango aldagai bakarra neurriak hartzeko, eta kontuan hartuko dira, halaber, txertaketaren datuak, birusaren aldaeren intzidentzia eta ZIUetako egoera.

ZIUetako egoerari dagokionez, une honetan lehen agertokian dago Euskal Autonomia Erkidegoa, eta, beraz, Bizi Berri IV Planaren arabera, ez da behar neurriak gogortzea. Intzidentzia metatuak gora egiten duen arren, ZIUetako okupazioa behera doala nabarmendu du lehendakariak; hiru lurraldeetako ospitaleetako unitateak daude lehen agertokian. «Zorionez», erantsi du. Une honetan 25 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan, gaitzak jota.

Txertaketari dagokionez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %70 laster egongo da immunizatuta. Zehazki, lehendakariak jakinarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %71,5ek COVID-19aren aurkako txertoaren dosiren bat hartu dutela, eta %52,6k pauta osoa dutela.

Hala, lehendakariak iragarri duenez, gaurko bileran erabaki da ekaina amaieratik indarrean dauden neurriak ez gogortzea. Hori hala, establezimenduek goizaldeko 02:00etan itxi ahalko dute, eta ostalaritzan mahai bakoitzean sei pertsona eseri ahalko dira, orain arte bezala. Txokoek eta elkarte gastronomikoek irekita jarraituko dute, eta publikoa egon ahalko da kirol ikuskizunetan, baina edukiera mugatuta.

Neurri horiekin batera, lehendakariak azpimarratu du dekretu batean jasoko dutela kaleko edana, eta jende pilaketak sortzen dituzten «festak eta ez-festak» debekatzea. Eusko Legebiltzarrak joan den ekainean onartutako pandemiaren aurkako legeak jasotako neurriek zedarritzen dute gaur Labik hartu dituzten erabakien esparru normatiboa, eta hor daude jasota halakoak debekatzea. Lehendakariak gogoratu du legeak zigortzeko araubidea jasotzen duela, baina ezinbestekoa dela «norberaren erantzukizuna» mantentzea. «Herritar guztiei dei egiten diegu zorroztasunez, zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzera, norberarengandik hasita». Gogoratu du, halaber, arrisku faktorea «gehiegizko interakzio sozialean» dagoela. Hala, neurriak betetzen ez badira –kaleko zurruta edo jaiak egiten badira–isunak jarriko dituztela iragarri du.

Lehendakariak azaldu du Bizi Berri IV Planak jasotzen duen hipotesiaren arabera, datozen lau hilabeteetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia metatuak ez duela gaindituko 400 kasuren langa. Eta helburu bat ezarri du: «Intzidentzia tasa 60 kasura jaistea da helburua». Maskararen erabilerari dagokionez, berriz, lehendakariak adierazi du «gomendagarria» dela kalean ere maskara erabiltzen jarraitzea, «une oro» ahal dela, aire librean egiten den kirolaren kasuan izan ezik.

Hilaren 22an bilduko da berriro Labiren Aholku Batzordea, indarrean dauden neurriak berrikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.