Ehunka pertsona elkartu dira gaur Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Luis XIV. plazan, ekainaren 26ko asteburuan euskaraz mintzatzeagatik jipoitu zutela salatu zuen Jean Louis Iratzoki donibandarrari sostengua agertzeko, eta euskararen aurkako erasoa salatzeko.
«Ez gara isilik egongo. Erantzunik hoberena: euskaraz hitz egitea, euskara ikastea, euskara normaltasun osoz ahal bezainbat erabiltzea. Hemen Euskal Herrian gara, euskara da gure hizkuntza eta euskaraz hitz egiten segituko dugu», adierazi dute antolatzaileek ekitaldiaren amaieran irakurritako mezuan.
Ehunka pertsona bilduak Luis XIV plazan arrats huntan. Euskararen alde, eta ekainan gertatu erasoa salatzeko. pic.twitter.com/UbDenjHdiP
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) July 6, 2021
Donibane Ziburuko gaztetxeak antolatu du gaurko protesta, baina herriko etxeko hautetsiek ere parte hartu dute. Euskal Konfederazioak, EAJk eta EH Baik babestu dute deia.
Bestak ziren berez joan den asteburuan Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta, bestarik ez egiteko deia zabaldua bazen ere, jendetza handiak elkartu ziren kalean, eta liskar handiak izan ziren, tartean taldeen arteko borrokak, baita labanekin ere. Testuinguru horretan, ostiraletik larunbaterako gauean, ostatu batean afaltzetik etxera heldu zen Jean Louis Iratzoki, Donibane Lohizuneko bizilagun bat. Anaiaren etxean gelditu zen, eta kaletik hizketan ari zen ilobarekin, zeina balkoian baitzen. Euskaraz ari ziren.
Kaletik zihoazen hiru gizonezkok Iratzokiri bortizki galdetu zioten zer ote zen hitz egiten ari zen patois hori —tokiko hizketa edo hizkera basa esan nahi du, normalean gutxiesteko erabilia—; «Frantzian» zirela, eta frantsesez behar zuela hitz egin. Bera euskalduna zela esanez defendatu zen Iratzoki, eta hiru gizonak oldartu egin zitzaizkion bet-betan. Hebainduta utzi zuten; orkatila hautsirik, Baionako erietxera eraman behar izan zuten, artatzeko.
Ez zen asteburuko eraso bakarra izan.
Jean François Hirigoien Errepublikanoetako auzapezak ere gertakariak salatu ditu, eta euskaraz bizitzeko eskubidea defendatu du, agiri batean: «ez da negoziagarria», adierazi du. Gehiengoko hautetsiek elkarretaratzean parte hartuko dutela baieztatu zuten atzo. Euskal Konfederazioak ere protestan parte hartzera deitu du agiri batean: «Gertakari hau Kontseilu Konstituzionalak erabakia hartu eta hilabetera izan denez, iduri du nolazpait batzuk babesturik sentitzen direla beren gorrotoa inpunitate osoz adierazteko. Baina erasoek, mehatxuek, irainek... ez gaituzte isilaraziko! Karrikan, etxean, eskolan, lanean, administrazioan, saltegietan... euskaraz bizi gira eta euskaraz bizitzen segituko dugu!», adierazi dute, eraso «larri» hori, eta, oro har, «azken aldi hauetan euskararen eta euskaldunen kontrako erasoak salatzeko», mobilizaziora deituta. «Euskal Herrian euskaraz biziko gira!»
Uztailaren 2ko herriko kontseiluan aipatu zuten, eta, gaur, agiria bidali du Jean François Hirigoien Donibane Lohizuneko auzapezak: «Donibandar anitz bezala inarrosia izan naiz, euskaraz mintzatzeagatik gure herrikide batek pairatu duen erasoarekin. Arrazoirik gabeko ekintza higuingarri horri buruzko elementu guziak ez baditut ere, halako jarrerak onartezinak iruditzen zaizkit», adierazi du. Azken asteetan izandako beste eraso batzuen testuinguruan ezarri ditu gertakariak, «intolerantziaren igoera orokor baten isla» direla erranez.