Alderdiak

EAko kritikoek Olaizola Zarauzko zinegotziaren aldeko ekitaldia egin dute

Karlos Garaikoetxea lehendakari ohiak bideo baten bidez sostengua adierazi dio Olaizolari, eta haren aurkako edozein prozesutan bere burua erruduntzat joko duela adierazi du.

Bagotxu Olaizola, gaurko ekitaldian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko uztailaren 4a
17:27
Entzun

Eusko Alkartasunako hainbat kide bildu dira gaur Donostian sostengua emateko Begotxu Olaizola Zarauzko Udaleko (Gipuzkoa) zinegotziari. Salatu dutenez, alderdiko zuzendaritzak zigortzeko prozedura zabaldu dio Olaizolari, ildo kritikoen eledun gisa agertzeagatik.

Izan ere, kritiko talde bat Gasteizko Europa jauregian bildu zen maiatzean, eta horretan batzartutakoen eledun gisa aritu zen Olaizola. Batzor horretan kongresu nazionala eskatu zuten, EAk EH Bilduren zeregina aztertzeko. Hori dela eta, Olaizola zigortzeko prozedura hasi zuen alderdiak joan zen asteko astelehenean.

Gaurko ekitaldian, Maiorga Ramirez eta Karlos Garaikoetxea lehendakari ohiaren bideoak erakutsi dituzte. Azken horrek esan du prest dagoela bere burua erruduntzat jotzeko Olaizolaren kontra zabaldutako edozein prozesutan.

Aitor Letamendiak salatu ditu Eba Blanco idazkari nagusiaren alderdiko ildo ofizialak kritikoen aurka erabilitako «mehatxuak eta kanporatzeko helburua duten zigor espedienteak». Esan duenez, boterean jarraitzeko mugimenduak dira, «Eusko Alkartasuna EH Bildun disolbatzeko helburua inposatzeko».

Olaizolak berak hitz egin du ekitaldian. Azaldu duenez, zigortzeko prozedura zabaldu diote Gasteizko ekitaldiaren berri ez ziotelako eman zuzendaritzari. Hori «aitzakia» dela esan du zinegotziak, eta «ehunka alderdikideren ahotsa isildu» nahi dutela salatu du.

Argudiatu duenez, kongresu nazionala eskatu zuten Gasteizen, «eztabaidatzeko eta erabakitzeko zein izan daitekeen EAk EH Bilduri eta herrialdeari egin diezaioketen ekarpenik onena».

Alderdiaren estatutuek adierazten dute zuzendaritza lau urtetik behin berritu egin behar dela, eta, Olaizolaren arabera, hilabete batez gainduta dago muga hori.

Alderdiaren kontrola ziurtatzeko lehian katramilatuta daude zuzendaritza eta kritikoak, epaitegietara heltzeraino.

2019an idazkari nagusia izendatzeko hauteskunde prozesuan, hiru hautagai aurkeztu ziren: tartean, Eba Blanco bera eta Maiorga Ramirez. Azken horrek aurreko biek baino abal gehiago aurkeztu zituen, baina estatutuen arabera lurraldeko gutxieneko kopuru bat eskatzen denez, zuzendaritzak erabaki zuen Ramirezen hautagaitza atzera botatzea, baldintzak ez zituela bete argudiatuta. Ondorioz, prozesu horren amaieran hautagai bakarra geratu zen, eta Eba Blanco izendatu zuten idazkari nagusi. Hala ere, berme batzordeak erabakia bertan behera utzi zuen, eta izendapena eten zuen. Horregatik, auzitara jo zuen Blancok, eta, azaroan, kautelazko neurri gisa, epaitegiak erabaki zuen haren izendapena etetea.

2020ko ekainean, epaiketa egin zuten, eta, uztailean, lehen auzialdiko epaitegiak ebatzi zuen primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetzea. Alta, sektore kritikoak epai horri helegitea jarri zion.

Abenduan, Gasteizko lehen auzialdiko epaitegiak atzera bota zuen EAko ildo kritikoak zuzendaritzari dokumentuak faltsutzea egotzita jarritako helegitea. Epaitegiak argudiatu zuen ez zuela delitu zantzurik ikusten. Kritikoak ez ziren bat etorri, eta gaitzetsi egin zuten ildo ofizialak afiliazioari «ahotsik ez ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.