Hilberria

Iñaki Larrañaga euskaltzalea hil da

Apaiza, soziologoa eta soziolinguista zen, eta gogor aritu zen euskalgintzarako lanean. Besteak beste, Siadeco ikerketarako taldea sortu zuen, beste kide batzuekin.

Iñaki Larrañaga zena. ARGIA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko uztailaren 3a
11:07
Entzun

Euskalgintzari estuki loturik aritu izan zen Iñaki Larrañaga (Lazkao, Gipuzkoa, 1933 - 2021), gazte-gaztetatik. Apaiz, soziologo eta soziolinguista zereginetan aritu izan zen urteetan. Gaur hil da. Hala nola, Siadeco sozioekonomia eta hirigintzaren ikerketarako taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta hain zuzen ere, berak hartu zuen euskararen kale erabileraren neurketa egiteko sistema diseinatzeko ardura.

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak «harreman handia» izan zuen Larrañagarekin, elkarrekin egin baitzuten lan hamar urtean Siadecon. Euskalgintzan Larrañagak egindako lana nabarmendu du Amonarrizek: «Iñaki izan zen soziolinguistika aplikatua Euskal Herrira ekarri zuen pertsona».

Euskara ez ezik, Eliza ere izan da Larrañagaren bizitzako ildo nagusi. Apaiz egin zen. Lanean aritu zen, esaterako, Hernanin eta Itsasondon (Gipuzkoa). Halere, Amonarrizek azaldu duen eran, «hierarkietatik oso urruti» sentitu izan zen beti. Euskalgintzari lotutako jardunean, berriz, aitzindari izan zen zenbait arlotan. Hala ziurtatu du Amonarrizek: «Ikerketa soziolinguistiko mailan, plangintza soziolinguistikoan, herrietako plangintzan... Arlo horien guztien aitzindariak Iñaki Larrañaga eta Siadeco izan ziren».

Hainbat eskualdetako eta herritako egoera aztertzeari ekin zioten. Lan horren balioa mahai gainean jarri du Amonarrizek: «Ikerketa horiek ere akuilu bat izan ziren erakundeetako hizkuntza plangintzei hasiera emateko, baita herri horietan euskararen inguruan zeuden euskalgintzako orduko eragileak astintzeko eta martxan jartzeko ere». Horietaz gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako soziolinguistika mapa eta euskararen familia bidezko transmisioaren azterketa egin zituen, besteak beste.

Amonarrizek goraipatu egin du Larrañagak taldean aritzeko zuen gaitasuna: «Bere lana beti talde lan gisa pentsatuta egin zuen: Siadecoren babesean eta haren izenarekin plazaratu zituen lanik gehenak». Gainera, Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-ekin elkarlanean aritu izan zen zenbaitetan, esaterako, Bilboko Zenbat Gara elkartearen eta Kafe Antzokiaren prestatze zein gogoeta lanean. Gainera, Egunkaria Sortzen — Euskaldunon Egunkaria-ren akziodun nagusia izango zena— sozietate mugatuaren sortzaileetako bat ere izan zen Larrañaga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.