Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia elkarrizketatu du BERRIAk, Madrilen, iragan den asteartean. Enekoitz Esnaola kazetariak egin dio. 2004tik 2011ra artean izan zen gobernuburu Zapatero. Haren gobernuak ETArekin 2005-2007an izandako elkarrizketa prozesua, ETAren jarduera armatuaren bukaera (2011), gatazkaren ondorioak (euskal presoa, torturak, biktimak), eta Euskal Herriko eta Kataluniako gatazka politikoak izan dituzte hizpide.
BERRIAk bihar argitaratuko du elkarrizketa, larunbatarekin.
Zapateroren esan batzuk, aurrerapen gisa (bideokoak):
- [EAJ, 2005-2007ko prozesua] «Une erabakigarri bat dago azkenaldiko historian, edo urte haietakoetan, eta hori da EAJk barne krisia izan zuenekoa, Josu Jon Imazen dimisioa ekarri zuena [2007ko iraila]. Hor Egibarri buruz gehiago hitz egin behar da Ibarretxeri buruz baino. Ibarretxeri buruz beti pentsatu izan dut politikara doan gizon bat dela, baina ez zela, hasieran, politikari bat; hori da harekin izan nuen esperientzia. Orduan, funtsezkoa zen Josu Jonen ildoa gailentzea eta Urkulluri bide ematea. Zergatik zen erabakigarria? EAJ prozesu horretan nire helburua ordezkatzen zuena, nire gobernua, babesten ari zelako».
- [Barajasko atentatua, 2006] «Militante abertzale edo Batasuneko askorentzat erabat ulertezina izan zen. (….) Elkarrizketa martxan zegoen, zailtasunak zituen elkarrizketa bat zen. Oso ziur nago Otegik eta Batasuneko parte politikoko buruzagiek helburu bakarrarekin lan egin zutela, amaitu egin behar zela».
- [Arnaldo Otegirekin bilera, 2018an] «Garrantzitsuak iruditzen zaizkidan hiru gauza berretsi nituen. Bat: indarkeriaren amaierara iristeko prozesuan pertsona erabakigarria izan zela hura. Bi: hori betiko zela, indarkeriaren bukaera betiko zela. Eta hiru: oraindik denbora gehiago beharko dugula sortu izan den kaltea hobeto aitortzeko, denbora behar da, eta berriz aurkitzeko prozesurako ere behar dugula denbora».
- [Independentzia erreferenduma] «Demokraziak Espainian eredu konstituzional bat finkatu zuenean, estatu demokratikoaren eredu bat, prozesu prepolitikoa itxi egin zen. Hori argi izan behar dugu. Gainerako guztia, frogatu den bezala, ezinezkoa izateaz gain, ez da desiragarria».
Horiez gain, Zapaterok BERRIAren elkarrizketan adierazi du 2006an elkarrizketa ofiziala hasteko ETAren eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzek «konpromisoak» adostu zituztela Oslon 2005 bukaeran; ETAren jardun armatuaren bukaeraren ondoren gatazkaren ondorioez mintzatzeko Osloko mahaia eratzea aurreikusi zutela 2011ko udan, eta PSOEren gobernua joatekoa zela; ez duela uste «Euskadiko gizarteak haustura prozesu baten alde» egingo duenik; «zentzuzkoa« iruditzen zaiola Pedro Sanchezen espetxe politika; Kataluniak elkarrizketa prozesu zabala behar duela, baina «erreferendumak zatitu« egiten duela...