Bestak ziren berez joan den asteburuan Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta, bestarik ez egiteko deia zabaldua bazen ere, jendetza handiak elkartu ziren kalean, eta liskar handiak izan ziren, tartean taldeen arteko borrokak, baita labanekin ere. Testuinguru horretan, ostiraletik larunbaterako gauean, ostatu batean afaltzetik etxera heldu zen Jean Louis Iratzoki, Donibane Lohizuneko bizilagun bat. Anaiaren etxean gelditu zen, eta kaletik hizketan ari zen ilobarekin, zeina balkoian baitzen. Euskaraz ari ziren.
Kaletik zihoazen hiru gizonezkok Iratzokiri bortizki galdetu zioten zer ote zen hitz egiten ari zen patois hori —tokikohizketa edo hizkerabasa esan nahi du, normalean gutxiesteko erabilia—; «Frantzian» zirela, eta frantsesez behar zuela hitz egin. Bera euskalduna zela esanez defendatu zen Iratzoki, eta hiru gizonak oldartu egin zitzaizkion bet-betan. Hebainduta utzi zuten; orkatila hautsirik, Baionako erietxera eraman behar izan zuten, artatzeko. Jasandako erasoa baieztatu dio BERRIAri Iratzokik berak, baina ez du orain arte emandako lekukotasunaz harago joan nahi izan.
Peio Etxeberri Donibane Lohizuneko Herriko Etxeko oposizioko zinegotziak Euskadi Irratian baieztatu du erasoa gertatu zela, eta inkesta bat abian dela ere jakinarazi du. Asteburuan gisa horretako eraso gehiago izan zirela erantsi du Kazeta.eus atariak, berriz: Kaia ostatuan Mikel Laboaren kantuak jarri zituztelarik, «euskaldun putak!» oihu egin zietela eta lagun talde bati euskaraz egiteagatik irain egin zietela ere zabaldu dute. Asteburuan Frantziara etorriko bisitari batek sare sozialetan salatu du ostatu baten atarian edanda zegoen emakume batek luzaz irain egin ziela euskaldunei. Iratzokiren sendi batek ere mezu bat idatzi zuen erasoa gertatu dela salatzeko.
Mon beau-père s’est fait casser la gueule en 1v3 pour avoir parlé basque à saint jean de luz hier soir car « ici on est en France donc tu dois parler français », j’ai envie de vomir.
— Zelda (@NiceCalf) June 26, 2021
Etxeberrik zehaztu du neurrian jarri behar direla horrelako erasoak, eta, erantzun argi eta tinkoa merezi duten arren, ezin direla orokortu, eta ezin dela esan euskararen kontrako eraso orokor bat dela, ez dakitela talde berak egin ote zituen erasoak. Donibane Lohizunen euskararen kontrako jarrerak okerrera egin duenik ez dutela nabaritu erantsi du.
Bestarik izan behar ez zuen asteburu hori liskartsua izan zen bestela ere. Auto gidari batek bi oinezko harrapatu eta ihes egin zuen; poliziek atzeman, eta atxilotu egin zuten. Beste bi gizon atxilotu zituzten borrokan aritzeagatik; haietako batek labankada bat eman zion besteari. Beste borroka batengatik atxilotu zuten beste gizon bat.