Gutxieneko sozietate zerga globalak 130 herrialderen babesa jaso du OCDEn

Erakundeko ia herrialde guztiek adostu dute %15eko gutxieneko sozietate zerga. Bederatzi herrialdek egin diote uko, tartean Irlandak, Estoniak eta Hungariak. G20ko finantza ministroen datorren asteko bilkuran sinatuko da printzipioen akordioa.

Janet Yellen AEBetako Altxorreko idazkaria eta Mathias Cormann OCDEko idazkari nagusia, ekain hasierako G7an. HOLLIE ADAMS / EFE
Irune Lasa.
2021eko uztailaren 1a
22:31
Entzun

Multinazionalen zerga ihesa jomugan, gutxieneko sozietate zerga global bat ezartzeko planek urrats garrantzitsua egin dute Parisen, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundean. Ekain hasierako G7an %15eko gutxieneko tasaren inguruan akordioa iritsi ostean, asmo hori beste herrialdeetara zabaldu behar zen. Azkenean, Parisen egunak luze joan dira, baina negoziazio bizi eta korapilatsuen ostean, plan bat aurkeztu eta bozkatu da, eta erakundeko 130 herrialderen babesa jaso du, tartean Txinarena, AEBena eta Alemaniarena.

Bederatzi izan dira plana babestu ez duten herrialdeak, tartean Europako Batasuneko hiru: Irlanda, Estonia eta Hungaria. Pascal Donohoe Irlandako Finantza ministroak azaldu du une honetan bere herrialdeak ezin duela %15ko tasa erreal bat babestu, baina negoziazioetan jarraitzeko prest dagoela. Planaren kontra bozkatu duten beste bost herrialdeak Barbados, Kenya, Nigeria, Sri Lanka eta Saint Vicent eta Grenadinak izan dira. Peru abstenitu egin da, une honetan ez duelako gobernua eratuta. Suitzak eta Bahamek baiezkoa eman dute, presioei men eginez.

Gutxieneko zerga globalaren lehen proposameneko bi zutabeak mantendu ditu onartutako planak: batetik herrialde bakoitzari aitortzen dio eskubidea zergak ezartzeko lurraldean fisikoki ez dauden konpainiei; eta bestetik, multinazional handientzako gutxieneko zerga oinarri efektiboa ezartzen da.

Lehen zutabean 20.000 milioi eurotik gorako sarrerak eta %10etik gorako irabazi marjinako konpainiak sartuko lirateke, eta fakturazio muga 20.000 milioi eurotik 10.000 milioira murriztuko da zazpi urteren buruan. Enpresa horiek %10etik gorako marjinen %20 eta %30 artean ordaindu beharko dute zergatan salmentak egin dituzten herrialdeetan.

Bigarren zutabean ezarri da globalki 750 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresentzat gutxienezko sozietate zerga %15ekoa izango dela akordioa sinatzen duten jurisdikzio guztietan.

Salbuespenak

Zenbait salbuespen ere iritsi dira negoziazio bizien ostean. Txinaren eskariari men eginez, arauak ez dira aplikatuko fabrikaziorako eta makineriarako inbertsioetarako pizgarrietan. Itsas merkataritza ere salbuetsita geldituko da, ia ezinezkoa delako jakitea konpainiak nongoak diren, eta non aritzen diren. Horrek, ziurrenez, Malta bezalako herrialdeak akordioaren alde jarri ditu.

%15eko gutxieneko tasaren bultzatzaile nagusiek, AEBek ere lortu dute euren helburu bat. Akordioarekin bat egiten duten herrialdeek kendu egin beharko dituzte haien Google tasak.

Gaur iritsitako akordioaren lehen berrespena datorren astean egingo duten Venezian. G20 herrialdeetako Finantza ministroek printzipio akordioa sinatuko dute. Ondo bidean, negoziazio gehiago etorriko dira, eta urriaren amaieran iritsiko litzateke behin betiko akordioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.