Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak udazkenean berrekingo dio estatus politiko berri baten inguruko eztabaidari, eta horren aurrean PSE-EEk izango duen jarrera azaldu du Idoia Mendia alderdiko idazkari nagusi eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak. Hark ziurtatu du eztabaida horretan PSE-EE «legezkotasunaren eta pluraltasunaren bermea» izango dela.
Mendiak bilera bat egin du legebiltzarrean PSE-EEren talde parlamentarioarekin, eta beste ideia bat nabarmendu du eztabaida horri begira: estatutu berri batek «herritarrentzat erabilgarria» izan behar duela, «gaur egungoak bezala», eta, «erabilgarria izateko, legezkoa» izan behar duela.
«Euskal herritarrek lasaitasuna nahi dute; hauteskundeek eta inkestek behin eta berriz esaten digute identitate kontuek gero eta gutxiago inporta dutela, eta garrantzitsuena enplegua dela, etxebizitza, hezkuntza, osasuna...», azaldu du Mendiak: «Herritarrek egonkortasuna eta seriotasuna eskatzen digute, eta horixe da sozialistok ematen duguna».
Era berean, Kataluniara ez begiratzeko eskatu du: «Ez dugu kanpora begiratu beharrik, zerari erreparatu behar diogu: euskal herritar ezberdinek, ongi komunaren eta herritar guztien alde, gobernu partekatu batean elkar topatzea lortzean erdietsi dugun arrakasta handiari».
PP eta lekukoa
Carlos Iturgaiz PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidentea ere mintzatu da gaiaz, eta hura ere Kataluniari begira jarri da: «Hau erreleboen lasterketa bat da. Ibarretxe planarekin hasi zen; porrot egin zuen, euskal herritarrok ez genuelako nahi gertatzea Katalunian gertatzen ari dena». Iturgaizen iritziz, «lekuko hori orain katalanek daukate, baina prest daude Euskal Herriari emateko, EAJk eta EH Bilduk nahi duten estatus berri horretan».
PPren ustez, EAJk eta EH Bilduk «xake» egin nahi diote euskal gizarteari estatus berriaren inguruko eztabaida berpiztuta: «Euskal herritarrek ez dute estatus berririk nahi, benetako arazoentzako konponbideak baizik». Horregatik, iturgaizek bi alderdiei eskatu die hausnartu dezatela: «Herritarrak ez dira goizero jaikitzen pentsatuz estatus berria dugun».