EMAk baimena eman du 12 eta 17 urte bitartekoak ikasturtea hasi aurretik txertatzeko

Ikasturtea hasi aurretik edo lehen asteetan egin ahalko dute. Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak eman du horren berri

Erizain bat herritar bat txertatzen. JON URBE/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 1a
13:47
Entzun

12 eta 17 urte arteko ikasleak ikasturtea hasi aurretik txertatzen hasteko baimena eman du EMA Sendagaien Europako Agentziak, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak elkarrizketa batean jakinarazi duenez. Gutxienez lehen dosia hartu ahalko dute, beraz, ikasleek: iraila aurretik edo ikasturteko lehen asteetan.

Ministroak iritzi dio adin tarterik gazteenetan egoten ari diren kutsatzeak aisialdiarekin lotuta daudela, eta gehitu du amaitu berri den ikasturtean izandako neurriek kutsatze horiek eragotzi dituztela: «Ikusi dugu hezkuntza eremuan ongi funtzionatu duen higiene protokolo bat izan dugula. Eta orain, denak batu dira ondo pasatzeko gogoekin, eta ezusteko bat izan dugu».

Hori horrela, «diziplina» mantentzera deitu ditu nerabeak eta gazteak, eta aurreikusi du maskararik ezingo dela kendu ikasgeletan. 12 urtetik beherakoen txertaketaz galdetzean, onartu du ez dutela horri buruzko pausorik eman.

Gazteen txertaketa aurreratzeko eskatu du Jaurlaritzak

Hain zuzen, azken egunotan izandako kasuen gorakadak kezka piztu du Eusko Jaurlaritzan, batez ere gazteenen artean egin baitu gora intzidentziak: oraindik txertorik hartu ez dutenen artean. Orain arte txertaketa plangintza moldatzearen aurka azaldu bada ere, atzoko Espainiako Osasuneko Lurralde Arteko Kontseiluan gazteen txertaketa aurreratzeko eskaria egin zuen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, kutsatzeen gorakada hesitzeko asmoz.

«Komenigarria litzateke txertaketa irizpideak berrikustea», iritzi zion Sagarduik. Argudiatu zuen gazteen artean harreman sozialak areagotzen ari direla, eta gazteak txertatzea proposatu zuen horren ondorioz sortzen ari diren kutsatzeak geldiarazteko. Atzoko Osakidetzako eta Osasunbideko datuek 366 kutsatu bildu zituzten; gehienak, 19 eta 39 urte bitartean.

Kontseiluak ez zuen gaia landu atzoko bileran. Hala ere, Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak gogorarazi zuen autonomia erkidegoetako gobernuek eskumena dutela txertaketa aurreratzeko. Hain zuzen ere, neurri horren alde egin du ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak, Delta aldaeraren hedapena geldiarazteko: kutsakorragoa eta erikorragoa baita aldaera hori.

Estrategia aldaketa egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, Sagarduriren adierazpenak atzo bertan egindako Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean esandakoen aurkako bidetik joan ziren. Bertan izan zen Itziar Larizgoitia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Adikzioen zuzendaria, eta adin irizpideak mantentzearen aldeko hautua egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.