«BPGari dagokionez, 2022an utziko dugu krisia atzean», iragarri du Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa zuzendariak. Horrek, baina, zehaztu duenez, ez du esan nahi langabezia tasak bilakaera berdina izango duenik, aldi baterako lan erregulazioen babesaren eragina zenbatekoa izaten ari den ezin delako neurtu oraindik. Oro har, baina, «iragarpen baikorrak» egin dituzte, eta erakunde publikoek eginiko aurreikuspenak hobetu dituzte.
Laboral Kutxak euskal ekonomiaren egoeraren inguruko sei hilabeteroko txostena aurkeztu du, eta, haren arabera, BPG %6,3 igoko da aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %6,4 Nafarroan. Eusko Jaurlaritzak eginiko aurreikuspena baino hobea da (%5,7), baina iazko abenduan bankuak berak egin zuena baino txarragoa. Ordukoan %7ko datua eman zuen. «Baina ez da larria» zehaztu du Ibon Urgoiti Negozio Garapen Areako zuzendariak: «Olatua espero baino gehiago luzatu da, baina horrek ez du susperraldia eten, pixka bat atzeratu baizik».
2021 «susperraldiaren urtea» izango da, eta 2022 are hobea izatea espero dute. Datorren urtean %6,8 igoko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG, eta %6,7 Nafarroakoa. Pandemiaren eraginez, eta 2019arekin alderatuta, BPG %9,5 eta %8,3 jaitsi zen iaz. Bi urteetako iragarpenak batuz gero, %12ko inguruko hobekuntza irteten da, eta hortik ondorioztatu dute euskal ekonomiak 2022an utziko duela atzean krisia.
Enplegu tasa BPGaren eskutik joan ohi da normalean, baina pandemiak logika hori hautsi duela azaldu du Madariagak. Iaz langabezia tasa %0,3 igo zen bakarrik EAEn —%9,2tik %9,5era—, eta %1,9 Nafarroan —%8,2tik %10,1era—, BPGk izan zuen jaitsiera baino askoz leunagoa da. Adituen ustez, aldi baterako erregulazioengatik izan zen, eta, zenbatzeko moduarengatik, haien babesean dauden langileak ez direlako langabetu bezala zenbatzen. Faktore horrek asko zailtzen du iragarpena egitea, baina, hala ere, datua eman dute: aurten enplegu tasa %4,3 igoko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,3 Nafarroan. 2022an, berriz, igoera handiagoa izango da: %5ekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %4,8koa Nafarroan.
KPIari dagokionez, aurten %2,1 igoko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,3 Nafarroan. Hurrengo urterako %2tik beherako batez bestekoak espero dituzte. Igoera nabarmena da, eta arrazoi nagusia energiaren prezioaren igoera da, hala argindarrarena nola erregaiena. Era berean, behin-behineko beste hiru arrazoi gehitu dituzte: merkealdien atzerapena, erosketa saskian egondako aldaketak eta Alemaniako Gobernuak BEZ berriz ere igo izana.