Politika

Jean Jacques Lasserre hautatu dute Pirinio Atlantikoetako presidente

Gaur goizean egiten ari dira departamendu kontseiluko lehen bilkura. Bi hautagai aurkeztu dira presidentetzarako: Lasserre bera eta EH Baiko Iker Elizalde.

Jean Jacque Lasserre, Departameduko presidentea. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko uztailaren 1a
10:28
Entzun

Igandean iragan ziren departamendurako eta eskualderako bozak Ipar Euskal Herrian, eta Pirinio Atlantikoetako departamendu kontseiluan parte hartuko duten hautetsiak izendatu zituzten. Ipar Euskal Herriak dituen hamabi kantonamenduetatik 11tan zentro-eskuinak irabazi zuen; Hendaiako kantonamenduan EH Bai gailendu zen. Gaur goizean iragaten ari da kontseilu nagusiko lehen bilkura, ondoko sei urteetan departamendua gidatuko duen presidentea hautatzeko. Bi hautagai aurkeztu dira: zentro-eskuineko gehiengoaren izenean Jean Jacques Lasserre, eta EH Bairentzat Iker Elizalde. Departamenduko ezkerrak ez du hautagairik aurkeztu. Hautetsien gehiengoak Lasserre hautatzearen alde egin du.

Bigarren agintaldia izanen du, jarraian, Lasserrek (Bidaxune, Nafarroa Beherea, 1944). 2001etik 2008ra ere okupatu zuen kargu hori. Adinean aitzinera joanik ere, «departamenduaren pasioz» presidente izaten jarraitzeko borondatea erakutsi zuen hauteskunde kanpainan BERRIAri eskainitako elkarrizketan: «Erabakia ez dut bakarrik hartu, nire zerrenda kideek bultzatu naute. Niretzat ohore bat da: ezkerra erabat zatitua da; gu, erabat batuak. Baina zintzoki: zeren izenean adin bat dugunean ez dugu zer erranik? Departamenduak belaunaldi guzientzat lan egiten du, nirearentzat ere bai. Laburbilduz: gustu pertsonal bat da, eta hautu kolektibo bat».

Presidente hautatua izan berritan, departamenduak instituzio gisa duen zilegitasuna defendatu du: «Anitzek zaharkitua zela zioten; guk departamendu eskalaren egokitasunean sinesten dugu», adierazi du. «Elkartasuna» oinarri duten politika publikoen «noblezia» azpimarratu du, ildo beretik: «Badakigu bizi dugun osasun krisiak eta bizi ditugun tratnsizio handiek elkartasun beharra indartu baizik ez duela egiten ahulenengan. Elkartasun horri esker, gure diferentzien gainetik komunitatea osatzen dugu», baieztatu du. Pirinio Atlantikoetako departamenduaren «aniztasun kulturalaren» defentsa, «elkartasunaren, errespetuaren eta irekitasunaren adierazpena» izan behar dela erran du.

Era berean, hauteskundeak markatu dituen abstentzio handia ere aipatu du. «Hautesleen urruntzeak geure burua galdekatzera eraman behar gaitu. Tokiko hautetsien eta herritarren artean konfiantza harremanak tinkatu behar dira; lurraldeekin hurbileko harremana indartu behar da. Niri dagokidanez, zuhurtasunez, irudimenez eta arriskuak hartuz aritzera bultzatzen zaituzte». Departamenduaren politika sozialekin adin guzietako herritarrei laguntza ekartzeko borondatea erakutsi du, eta «berrikuntza sozialerako laborategi» baten sorrera iragarri du, herritarren beharrei konponbide «egokiagoak» atzemateko «gogoetatzea, irudikatzea, testatzea eta ebaluatzea» ahalbidetuko duena. Kanpainan eztabaida izan da 18-25 urte artekoentzat gutxieneko errenta bermatzeari buruz. Eztabaidan sartzea ukatu du Lasserrek, baina adin horretako gazteei «erantzunak» proposatuko zaizkiela erran du.

Etxebizitzaren gaia ere izan du hizpide, lurraldean zehar egoera desberdinak direla azpimarratuta, «konplexua» dela erranez. «Gure lurraldearen erakargarritasun zoragarriari lotua dela uste dut, baina ez dut uste nor bere baitan hetsirik egotea edo halako jarduera edo halako publiko bat hatzarekin erakustea direnik konponbidea». Tresnak badirela eta partaide ezberdinen artean lanean aritu behar direla baieztatu du. Herritarren parte hartzeari, ingurumen transizioari eta bizi inguruneari buruz lan egitea ere aipatu du.

Oposizioa lanerako prest

Lasserre presidentearen hitzartzearen ondotik, oposizioko hautetsien aldia izan da. Departamenduko ezkerrak talde politikoa osatu du eta Stephanie Maza Paueko hautetsia izanen da bozeramailea. «Abstentzio handiak behartzen gaitu kontuan hartzera gure herritarren zati handi batek ez duela interesik ikusten bozkatzera joatean. Lekzio gisa hartu behar dugu. Triunfalismoak baztertu eta lan egin behar da», adierazi du. «Ezkerreko hautetsiak presente izanen gara, batzorde guzietan parte hartuko dugu». Oposizio «determinatu» bat izanen direla erran du, eta nabarmendu du zerbitzu publikoren defentsan arituko direla. «Ez gara enfrentamendu antzu batean izanen, instituzioaren eta departamenduaren interesak defendatuko ditugu. Ez dugu figurazioa eginen, gure rola osorik beteko dugu».

Iker Elizalde EH Baiko hautetsiak ere hartu du hitza. Annie Povedarekin batera, ezkerreko abertzaleen ordezkariak izanen dira Pauen. «Printzipiozko hautagaitza aurkeztu dugu, gure diferentzia baieztatzeko manera baita guretzat«. Bi oinarrizko puntu aipatu ditu: Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioa eta AHT. «Bigarren etapa batera pasa behar da Euskal Hirigune Elkargaoren ondotik». Estatu bereziko urralde elkargo baten alde direla erran du, eta oroitarazi du Ipar Euskal Herrikoan gehiengo baten babesa izan zuela garaian. Abiadura Handiko Trenarentzat trenbide berriak eraikitzearen kontra ere agertu da Elizalde. «Ez da beharrezko». Baliabideak orain diren azpiegiturak indartzeko erabiltzea hobetsi du. Azkenik, euskaraz ikasteko eskubidea ere defendatu du, Brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko Donapaleuko (Nafarroa Behera) Amikuze kolegioa okupatzen ari direnei babesa erakutsita.

Berehala hartu beharreko bost neurri zerrendatu dizkio Elizaldek Departamenduko presidenteari: etxe laguntzaileen lan baldintzen hobetzea, besteak beste, 28 orduko lanaldiarentzat gutxieneko lansaria bermatuta; gutxieneko errenta bermatzea 18 eta 25 urte artekoentzat; etxebizitzaren egoerari konponbidea ematea, azpimarratuz instituzioaren ardura dela denentzat eskuragarri izan dadin; bakartutako adingabekoen harrera denentzat bera izatea, edonongoak izanik ere; turismo iraunkorraren Europako itunarekin bat egitea. Lasserrek erantzun dio bistakoa dela gai anitzetan eztabaidak izanen dituztela, baina prest agertu da elkarlanean aritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.