HILBERRIA

Jesus Mari Larrazabal hil da

Logika eta Zientziaren Filosofiako katedraduna zen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. EArekin legebiltzarkidea izan zen 2009tik 2010era. →'Tarzanen orroa', Kepa Kortaren iritzi artikulua.

Larrazabal Eusko Legebiltzarrean, 2009ko urrian. RAUL BOGAJO / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko ekainaren 29a
14:46
Entzun

Parlamentari moduan ibilbide laburra egin zuen Jesus Mari Larrazabalek (1948-2021). Urtebetez baino ez zen izan legebiltzarkidea, EA Eusko Alkartasunarekin: 2009ko maiatzetik 2010eko ekainera. Patxi Lopez (PSE-EE) lehendakari izan zen legegintzaldian, ordezkari bakarra eduki zuen alderdiak, baina hamahiru hilabete horietan arrastoa utzi zuen Larrazabalek. Batetik, haren hitzartzeak espontaneoak zirelako, klixeei ihes egiten zielako. Ez zen alferrik Logika eta Zientziaren Filosofiako katedraduna EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Eta, bestetik, urte hartan behin baino gehiagotan iragarri zuelako «indar subiranisten batasuna» gerta zitekeela —ezker abertzaleak ezin izan zuen boz haietan parte hartu, aurkeztutako zerrendak legez kanpo utzi zituztelako auzitegiek—. Hain zuzen ere, Bildu koalizioa 2011ko maiatzean aurkeztu zen aurrenekoz hauteskunde batzuetara, eta ezker abertzalea, EA eta Alternatiba bildu zituen. Larrazabal 11 hilabete lehenago mintzatu zen azken aldiz Eusko Legebiltzarrean, eta agurreko hitzaldian Aristoteles aipatu zuen, baita Sarrionandia eta Kavafis poetak ere, eta nabarmendu zuen bazitekeela ETAren amaiera gertu egotea. Osasun arrazoiengatik utzi zuen kargua. Atzo hil zen.

Gazte-gaztetatik eduki zuen politikarako grina, eta Elizaren abaroan sorturiko Herri Gaztedi taldeko kidea izan zen 1967tik 1972ra. Urola Kostako (Gipuzkoa) arduradun ere izan zen —Zumaiarra zen—. Bitarte horretan Ingeniaritza ikasketak hasi zituen, baina ez zituen amaitu. Parisko Unibertsitatean Filosofian eta Ekonomian lizentziatu zen. Bere esanetan, promozioko aurrenekoa izan zen, eta 1976an eskaini zioten BNP Parisko Banku Nazionalean lan egitea, edo AEBetara joatea Logika tesia egitera. Bi aukerei ezetz esan zien. «Garbi nuelako Euskal Herrira itzuli behar nuela. Militantziaz, nire tokia hau delako eta ikasitakoa bertan egiteko», esan zion Argia aldizkariari 2004an.

Irakurri gehiago: 'Tarzanen orroa', Kepa Kortaren iritzi artikulua.

Euskal Herrira itzulita, esparru akademikoan Bergarako UNEDen sortzaileetako bat izan zen, eta zuzendariorde 1977tik 1979ra. Sasoi bertsuan, 1978an, HB Herri Batasuna sortzeko bileran parte hartu zuen. Koalizioaren lau alderdietako bat zen LAIA, eta Larrazabal harekin izan zen Gipuzkoako batzarkide, 1979tik 1983ra.

LAIA 1980tik atera zen koaliziotik, eta Larrazabal ezker abertzaletik urrundu zen. «Ikusi dudana da HBk batasuna bilatu beharrean beti eragin duela etengabeko zatiketa». Oso kritiko mintzatu zen ETAk 1990eko hamarkadaren hasieran hartutako bidearekin, sufrimenduaren sozializazioa deitutakoarekin. «Etikoki ikaragarria iruditu zitzaidan [...] Sufrimendua ez, gizartean zabaldu behar dena da atsegina».

1981ean hasi zen EHUn, eta 1992tik zen katedraduna. EHUko ILCLI Logikaren, Kognizioaren, Lengoaiaren eta Informazioaren Institutuaren sorrera sustatu zuen, eta hark argitaratutako Gogoa aldizkaria zuzendu. Euskaraz kaleratzen dute.

Euskararen aldarria eginez

Eta euskara zen, hain justu, Larrazabalen ibilia ardazten zuten aldagaietako bat. 2005ean Eusko Ikaskuntzaren lehendakarigai izateko aurkeztu zen. «Euskara defendatzeko kemena galdu egin da elkartean, eta berreskuratu egin behar dugu», adierazi zion Berriari 2005eko abenduan, Eusko Ikaskuntzaren batzarraren atarian.

2009ko Eusko Legebiltzarrerako zerrendak osatzean, barne eztabaidak izan ziren EA barruan, eta Gipuzkoako ordezkariek Larrazabal Gipuzkoako zerrendaburu izatearen aurka egin zuten. Azkenean, baina, Larrazabal bera izan zen EAren legebiltzarkide bakarra —Juanjo Agirrezabalak ordezkatu zuen—.

Legegintzaldia hasi berritan, EAJri eskatu zion ez zezala erabakitzeko eskubidearen «defentsa erretorikoa» bakarrik egin. Ondorengo hilabeteetan autodeterminazio eskubidea onartuko duen esparruaren juridiko eta politikoaren defentsa egin zuen, iritzita Gernikako Estatutuaren markoak eman zituela eman beharrekoak. «Indar abertzale subiranoen batasunetik bakarrik etorriko da batzuentzat utopikoa den hori», adierazi zuen 2009ko urrian, azken urteotako debateari aurrea hartuz, horrenbestez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.