Departamendu eta eskualde bozak

Anita Lopepe: «Herritarrak 'politizatu' behar ditugu»

Pantxika Maitia kazetariak aurkeztu du saioa, Menane Oxandabaratsekin batera. Goizeder tabernak egin du analisia, eta hiru gonbidatu izan dituzte: EH Baiko Anita Lopepe, Forces 64ko (zentro-eskuina) Annick Trounday eta Gauche 64ko (ezkerra) Iker Etxepare.

Kanaldudeko mahai inguruaren une bat. BERRIA
2021eko ekainaren 28a
15:38
Entzun

Euskal Hedabideek antolatuta, departamenduko eta eskualdeko bozen inguruko mahai inguru bat egin dute gaur Kanalduden, eta zuzenean jarraitu ahal da BERRIAren webgunean. Mahai ingurua elkarlanean antolatu dute euskal hedabideek: Kanaldude telebistak, Kazeta.eus atariak, Herria aldizkariak, Euskal Irratiakek eta BERRIAk.

Bi zatitan banatu dute saioa, eta Pantxika Maitia kazetaria aritu da aurkezle, Menane Oxandabaratsekin batera. Emankizunaren lehen partean, departamenduko emaitzak aztertu ditu Goizeder Taberna kazetariak. Tabernak hasieratik hitz egin du aunitz igo den abstentzioari buruz, eta esan du horrek agerian utzi duela «demokrazia ordezkatzailearen krisia». Abstentziora gehien jo dutenak gazteak izan dira, eta horrek ezbaian jarri ditu kanpaina egiteko moduak ere. Kazetariak hizpide izan ditu bozetan protagonista izan diren alderdien emaitzak ere.

Ondotik, hiru gonbidatuen txanda izan da: EH Baiko Anita Lopepe, Forces 64ko (zentro-eskuina) Annick Trounday eta Gauche 64ko (ezkerra) Iker Etxepare. Euskal Irratiakeko Pepe Aizpuruk egin dizkie galderak, lehenengoa, berriz ere, abstentzioaren inguruan. Troundayk hartu du hitza lehenbizi, eta gazteak politikara gerturatzeari buruz jardun du.

Lopepek ere argi esan du herritarrek ez dutela politikariengan sinisten: «Jendeak ez ditu ezagutzen bere ordezkariak, eta gauza asko hauteskundeak gerturatzen direnean soilik egiten dituztela ikusten du». Konponbide gisa «politika egiteko beste modu batzuk» behar direla esan du, eta herritarrak inplikatzea beharrezkoa dela gehitu.

Etxeparek beste pare bat faktore aipatu ditu: batetik, pandemiak baldintzatutako garaian hauteskundeak ez direla herritarren lehentasuna, eta, bestetik, departamenduko eta eskualdeko bozen artean egon den nahasketa. Etxaperek onartu du «zaplasteko ederra» jaso dutela Baionan, baina «biharko zubiak eraikitzeko prest» jarraituko dutela azpimarratu du.

Jarraian, ostegunean Pauen egingo den osoko bilkuraz jardun dute, eta alderdi bakoitzak han hartuko duen jarreraz. Lopepek argi utzi ez dela sorpresarik izango, zentro-eskuinaren nagusitasuna dela eta. Dena den, esan du gaur erabakiko dutela euren hautagaitza aurkeztu ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.