Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Eusko Jaurlaritzak modu ofizialean aitortu ditu 1960tik 1978ra bitartean torturak eta giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten 35 biktima Bilboko Euskalduna Jauregian egin duten ekitaldi batean: larriki zauritu zituzten 3 pertsona, poliziak eraildako beste 1, ondasunen aurkako eraso bat eta 30 torturatu.
Egiari Zor fundazioak aitortu du «urrats garrantzitsua» izan dela, «Estatuak hamarkadetan zehar euskal gatazka politikoaren inguruan baliatu duen indarkerien puzzlea» eraikitzen jarraitzeko. Baina hala ere, azaldu du gaurko ekitaldian egin den aitortza hori puzzle horretako «pieza txiki bat» baino ez dela. Dena den, azpimarratu dute, beharrezkoa dela horrelako aitortzak egiten jarraitzea.