Giza eboluzioa

Hominido mota berri bat aurkitu dute Ekialde Hurbilean

‘Nesher Ramla Homo’ izena eman diote aurkitutako populazioari. Gizaki modernoekin batera bizi izan zirela uste dute adituek

'Nesher Ramla Homo' izeneko gizakiaren arrastoak. ARIEL POKHOJAEV / TEL AVIVEKO UNIBERTSITATEA
Juanma Gallego.
2021eko ekainaren 25a
20:27
Entzun

Giza eboluzioaren puzzle korapilatsua osatzeko pieza berria mahai gainean dago. Nazioarteko ikertzaile talde batek ostegun iluntzean Science aldizkarian aurkeztutako datuen arabera, duela 120.00-140.000 urte inguru, orain arte ezezaguna zen Homo generoko populazio bat Ekialde Hurbilean bizi izan zen. Aurkeztutako emaitzen arabera, arrasto horiek neandertalen arbasotzat har daitekeen hominido mota berri bati dagozkio.

Garezur baten arrastoak dira Nesher Ramla izeneko aztarnategian (Israel) aurkituakoak: garezurraren goiko aldeko zati bat, beheko baraila eta hortz bat.

Ikertzaileek azaldu dutenez, hezur puskak ikusi eta berehala konturatu ziren oso desberdinak zirela orain arte aurkitutako beste edozein arrastoren aldean. Izan ere, hezurren ezaugarriak ez datoz bat gizaki modernoek dituztenekin. Aitzitik, neandertalen eta denboran arkaikoagoak ziren hominidoen ezaugarriak antzeman dizkiote aurkitutako garezurrari. Horregatik, eta datazioa zein inguruan aurkitu diren tresna litikoak kontuan hartuta, Homo mota baten aurrean daudela uste dute adituek: Nesher Ramla Homo izena eman diote. Gizaki modernoei lotuta ageri ohi diren harrizko tresnekin batera aurkitu dituzte arrastoak, Levallois izeneko teknikarekin landuak.

Garai eta inguru berdinean zeuden Homo sapiens espezieko gizakiekin batera bizi izan zirelako susmoa dute ikertzaileek, eta litekeena da horien arteko trukaketa kultural eta biologikoa gertatu izana. Proposatu dute gutxienez 100.000 urtez parean bizi izan zirela Ekialde Hurbilean.

Aurkikuntza lagungarria izan daiteke gaur egungo gizakien zuhaitz ebolutiboa argitzeko. Izan ere, duela 750.000-125.000 urte inguru gertatu zena argitzeko zailtasun nabarmenak dituzte paleoantropologoek. Tarte horretan, nahasmen handia dago Homo generoko espezie desberdinei dagokienez. Aurretik zeuden hominidoei Homo erectus deitu izan zaie, eta Homo sapiens eta Homo neandertalensis agertu bitartean Afrikan eta Eurasian bizi izan ziren hainbat hominido Homo heidelbergensis izenaren pean ezagutu izan dira orain arte, zehaztasun gehiegirik gabe. Asteon aurkeztutako arrastoek, nolabait, hutsune hori argitzen lagun dezakete. Orain arte finkatuen dagoen jokalekuaren arabera, oro har, neandertalak Europan agertu ziren, eta Homo sapiens-ak ondoren iritsi ziren kontinente zaharrera, Afrikatik aterata. Orain, ordea, proposatu dute aurkitu duten populazioa neandertalen aurrekoak izan zirela.

Espezie bakarra

Orain arte, ezaugarri morfologiko bereziak zituen arrasto bakoitzari espezie bat atxiki zaio gehienetan, baina gero eta zalantza gehiago daude irizpide horren inguruan. Horregatik, hain zuzen ere, egileek ez dute espezietzat hartu aurkitutako azken arrastoa; horren ordez, Homo mota bati buruz hitz egin nahi izan dute. Hortik datorkio, hain justu, Nesher Ramla Homo izendapen bitxia. Egile horien irudikoz, giza eboluzioaren ohiko ikuskera aldatu beharra dago, azken urteetan pilatzen ari diren ebidentzien abaroan.

Hori guztia argitu ahal izan da azken urteetan biderkatu diren analisi genetikoei esker, bai fosil arrastoena zein gaur egungo gizakiena. Horien arabera, gaur egungo gizakiek neandertalengandik jasotako ondare genetikoa ere badaukate , eta horrek esan nahi du bai gizaki modernoak bai neandertalak hibridatu zirela, normalean biologian espezietzat hartzeko erabili ohi den irizpidea urratuz: ondorengo ugalkorrak sortzeko gaitasuna, hain justu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.