Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bilboko Administrazio Auzietarako Auzitegiak Otxandioko Udalaren (Bizkaia) aurka emandako ebazpen bat. Epai horretan, epaitegiak udalari agindu zion Luzia Urigoitia tiroz hildako ETAko kidea eta Ruben Garate euskal presoak sakabanatzeko politikaren ondorioz auto istripuz hildako herritarra oroitzeko olana kentzeko.
Udalak helegitea aurkeztu zuen, eta orain, EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio instrukzio epaileari. Baina deigarriak dira horretarako erabilitako argudioak. Ruben Garateren kasuan, epaileak gogora dakar olana ezezagun batzuek jarri zutela, eta udalak, hura kendu beharrean, plaka bat jarri zuela, Garate sakabanaketa politikaren biktima gisa aitortuz.
Olanak Garateren aurpegiaren irudi bat zuen, esaldi batekin: Berriro gertatu ez dadin, sakabanaketari ez. «Leloak nahiz pertsona baten heriotza estatuak ezarritako espetxe politikari egozteak eragiten dute udalak posizio bat hartzea dispertsioaren aurka, eta estatuari kritika egitea hura ezartzeagatik», dio epaileak, eta gaineratu du: «Horrek esan nahi du aukera ideologiko batetiko atxikimendua dagoela eta administrazio publikoen neutraltasun politikoaren printzipioa urratzen duela».
Urigoitiaren kasuan, mural bat margotu zuten. Udalak argudiatu zuen asmoa dela «memoria kritiko bat osatzeko ekarpena» izan nahi duela muralak, baina EAEko Auzitegi Nagusia ez dator bat: «Murala talde terrorista bateko kide baten aldeko omenaldi bat da, eta [muralak] ez du inolako kritikarik inguruabar horrekiko». Larunbatean agerraldi bat egingo dute Otxandion, ebazpenari buruzko irakurketa bat plazaratzeko.
1987ko uztailaren 23an hil zuten Urigoitia. Guardia Zibilak operazio zabal bat egin zuen Donostian, Hernanin eta Pasaian (Gipuzkoa). Zortzi pertsona atxilotu zituen, ETAko militante izatea egotzita. Urigoitia ordurako Ipar Euskal Herrira alde egina zegoen, baina Trintxerpeko (Pasaia) etxe batean harrapatu zuen operazioak, beste bi kiderekin. Goizaldean sartu ziren guardia zibilak etxera, eta Urigoitia hil zuten, gainerako kideak atxilotzearekin batera.
Haren heriotzak, ordea, hainbat argi-ilun izan zituen. El Pais eta El Independiente egunkariek biharamunean autopsiaren emaitzak argitaratu zituzten, eta, horien arabera, bi tiro jo zizkioten: bata, sabelaldean, eta bestea, garondoan, lurrean zaurituta zegoela. Bertsio ofizialak, berriz, baieztatu zuen hilketa Poliziaren eta etakideen arteko tiroketa baten ondorio izan zela. Gerora, 1995ean, El Mundo-k Espainiako zerbitzu sekretuen dokumentu bat argitaratu zuen: haren arabera, Guardia Zibileko kapitain batek frogak faltsutu zituen, bertsioa sinesgarria izan zedin.