Euskara administrazioan arautzeko Nafarroako Gobernua prestatzen ari den dekretu berria «atzerapausoa» izanen dela eta «euskaldunen eskubideak murriztuko dituela» uste du euskalgintzak. Hori dela eta, manifestazioa antolatu dute euskararen alorreko eragileek, Euskalgintzaren Kontseiluan bilduta, Maria Txibiteren gobernuari eskatzeko «bazter ditzala iraganeko hizkuntza politika ilunak». Uztailaren 2an eginen dute, 18:30ean, Iruñeko Baluarte plazatik abiatuta eta Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean.
Agerraldia egin dute Kontseiluko ordezkariek Katakrak liburu dendan, dekretu berriaren gaineko gogoeta egiteko eta protestara deitzeko. Han izan dira Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, eta baita AEK, IKA, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Euskal Herrian Euskaraz erakundeetako ordezkariak ere.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2017ko euskararen dekretua baliogabetu zuenetik orain arteko ibilbidea gogora ekarri du Bilbaok: «Justiziari, berdintasunari eta kohesioari muzin egin zien epai horrek, eta Nafarroako Gobernuari eskaera bat egin genion orduan: justizia, kohesioa eta berdintasuna ardatz dituen gizarte bat eraikitzeko urratsak egin eta ausardia izan zezala, eta bide horretan gutxienez, epaiari kasazio-helegitea jar ziezaiola, beste garai bateko hizkuntza politika ilunetara ez itzultzeko eta epaiarekiko desadostasuna irmoki agertzeko».
Gobernuaren erantzuna, ordea, «bestelakoa» izan zen, Kontseiluko idazkariaren irudiko: «2019ko urrian esan ziguten dekretu berria argitaratuko zutela ahalik eta arinen, baina urte eta erdi honetan ez dugu horren berririk izan». Are: denbora tarte horretan, Nafarroako Gobernuak «iraganeko hizkuntza politika ilunak» aplikatu dituela salatu du Kontseiluak: «Ehunka lan deialditatik automatikoki baztertu dute euskararen ezagutza, bai euskara eskakizun izan beharko lukeen lan deialdietatik, baita merezimenduetatik ere».
Horrekin batera, Kontseiluko eleduna kritiko agertu da dekretu berriaren inguruan zabaltzen ari den eztabaidarekin: «Biziki kezkatzen gaitu nola ari den kudeatzen dekretuaren afera: lotsagarria da eragileoi dekretuari buruzko inolako informaziorik bidali ez izana, baina, aldi berean, hedabideetan filtrazioak behin eta berriro egitea». Bilbaoren hitzetan, «argi dago hizkuntza-eskubideak alderdikeriekin nahastea dutela helburu». Bilbaok adierazi duenez, «sinetsarazi nahi digute dekretuaren korapiloa txikia dela, hain zuzen ere, legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean euskara ez baloratzea edota alemana bezala baloratu beharko den ebaztea». Kontseiluko idazkari nagusiaren ustez, «dekretu integrala» behar du Nafarroak, «are gehiago kontuan hartuta herritarrak diskriminatzen dituen legea indarrean dela».
Elkarretaratzea, bihar
Bilbaoren arabera, «unea da eskubide murrizketak ahalbidetuko dituen dekretuaren aurka ozen eta sendo agertzeko». Horretarako aukera izanen da, hain zuzen, uztailaren 2an, arratsaldeko 18:30ean Baluarteko plazan hasiko den manifestazioan. «Justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren aldeko aldarria eginen dugu», esan du Kontseiluko arduradunak.
Ez da Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren aurkako protesta bakarra izanen. Bihar, 11:00etan, euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko elkarretaratzea eginen dute hainbat sindikatu eta gizarte eragilek, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. LAB, ELA eta Steilas sindikatuek egin dute deialdia, eta beste hainbat erakunde batu dira protestara; besteak beste, NUPeko Euskara Taldea, Ikama, Ernai, Sortzen, Euskal Herrian Euskaraz eta Hizkuntza Eskubideen Behatokia.