Balentziaga museoak hamar urte bete ditu aurten, eta bisitariekin ospatu nahi du urtemuga hori. Horren harira, erakusketa proposamena osatzeaz gain, udako kultur eta aisialdi programa ere indartu du Getariako museoak (Gipuzkoa), eta musika, dantza, moda eta gastronomia batuko dituzten askotariko ekitaldiak antolatu ditu uztailerako eta abuzturako.
Uztailaren 1ean jarriko da martxan udako ordutegia, eta egunero 11:00etatik 20:00etara egongo da irekita museoa. Horrekin batera estreinatuko dituzte «bisita dantzatuak» ere. Dantzaz konpainiarekin elkarlanean egindako ikerketa prozesu baten emaitza da, eta diziplina ezberdinen arteko harremanean sakondu nahi du proposamenak; hau da, bildumako pieza estatikoen eta dantzaren mugimenduaren arteko elkarrizketa bat ezarri asmo du, Balentziaga museoak ohar baten bidez azaldu duenez. Uztailaren 18an eta 25ean egingo dituzte soilik.
Dantzaz konpainiak, halaber, Gesala ikuskizuna taularatuko du uztailaren 3an, eta tailer bat ere eskainiko dute, Balentziagaren unibertsoa abiapuntu hartuta, ehunen bidez gorputza mugimenduarekin nola erlazionatzen den aztertzeko. Haurrei eta familiei zuzenduta dago tailerra oro har. Horrez gain, Metrokoadroka eta Tranpola kolektiboek Txilin-hotsak emango dute uztailaren 30ean, umore absurdoa ardatz duen antzezlan laburra. Eta Nerea Garmendiak bakarrizketa bat eskainiko du abuztuaren 8an; haren bizipenetan oinarritutako kontakizuna da.
Emanaldi guztiak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman beharko da museoaren webgunean.
Abuztuan, musika
Abuztuko ostiral iluntzetan musika kontzertuak izango dira museoko terrazan, halaber. Kutxa Kultur Musika eta Katapulta Tours programako taldeak eta bakarlariak ariko dira bertan. Era berean, musika elektronikoko saio bat aurkeztuko da, formatu digitalean, dan—tz laborategiaren eskutik. Azkenik, Moda Zuzenean egitasmoari lotuta, Kutxa Kultur Moda programako bost diseinatzailek beren proposamenak erakutsiko dituzte museoan abuztuko asteburuetan.
Bestelako proposamenak izango dira, halere. Hala, Elkano eta Balentziaga lotuko dituzten ibilbideak egingo dituzte herrian zehar, eta belaontzi baten zeharkaldiak ere egin ahalko dira. Abuztuaren 6an, gainera, museoa gauez ikusteko aukera izango da.
Urte hauetako egitasmo garrantzitsuetako batzuk nabarmendu nahi ditu museoak, eta kultur eragile nahiz sortzaileei «etengabeko lankidetza» aitortu. Museoa bera bestelako publikoetara ere zabaldu nahi dute; gazteak erakarri nahi dituzte, batez ere, «museoa bisitatzeko joera gutxien» dutenak baitira, Miren Vives museoko zuzendariaren hitzetan. «Programan, adin eta jatorri guztietako lagunek gozatzeko moduko aukerak daude, baina, batez ere, gazteengan jarri nahi izan dugu arreta», adierazi du Vivesek.