BIKTIMAK

Estatu indarkeriaren 35 biktima aitortuko ditu Jaurlaritzak

Ebaluazio Batzordeak milatik gora eskari jaso ditu, eta 55 kasu aztertzen ari da. Giza eskubideen urraketetan «jarduera eredu» komunak antzeman ditu.

Mikel Zabalza torturaz hila oroitzeko murala,. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2021eko ekainaren 23a
15:07
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoan 1978tik 1999ra bitartean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako Balorazio Batzordeak atzo aurkeztu zuen lehen txostena, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean. Txostenean jaso duenez, batzordeak 55 kasu aztertu ditu, eta horietako 35 ebatzi ditu jada; horiek «aitorpenerako eta erreparaziorako proposatu» dira, «bizitzarako, osotasun fisikorako, psikikorako, sexualerako edo moralerako eskubidearen urraketa larria» egiaztatu ondoren. Orain, Jaurlaritzari dagokio aitortza horien inguruan erabakitzea.

Batzordea 2018ko uztailean eratu zen, eta, prozesu judizialen eta pandemiaren eraginez, 2020aren erdialdean hasi zen lanean. Legebiltzarrean, Juana Balmaseda batzordeko presidenteak eta Jon Mirena Landa bozeramailekideak azaldu dute biktimen aitortzarako mila eskari inguru jaso dituztela, eta horiek aztertzen jarraitu beharko dutela aurrerantzean.

Datu horiek xehatu ditu Balmasedak: 55 espedienteetatik hamabi emakumeenak dira, eta 43 gizonenak, 24 eta 50 urte bitartekoenak. Zazpi biktima adingabeak ziren gertakariak izan zirenean. Gainera, espediente gehienak Bizkaiko kasuei dagozkie (39); hamar, Gipuzkoakoei; lau, Arabakoei, eta bat Nafarroan gertatutako kasu bat da. 1972 eta 1985 arteko kasuak aztertu dituzte oraingoz. 11 kasutan, biktima hil egin zen, eta 36 kasutan tortura edo tratu txarrak izan ziren motiboak.

Kasu gehienak, Guardia Zibilarenak

Filiazio politikoari dagokionez, ia erdiak ez zuen loturarik ideologia batekin ere; gainerakoak «espektro politiko eta sozial zabal batekoak» ziren. Gainera, eskubide urraketen egiletzari dagokionez, 33 kasu Guardia Zibilak eragindakoak dira; hamasei, Espainiako Poliziak edota frankismo garaiko Polizia Armatuak; «talde inkontrolatuek» eragindakoa da bat, eta zehaztu gabeko egiletza du beste batek.

Balorazio Batzordeak «jarduera ereduak» antzeman ditu giza eskubideen urraketak aitortzeko aztertzen ari den espedienteetan: «poltsa, bainuontzia, kolpeak, ahatea, gurpila» aipatu ditu Landak tortura teknika gisa: «Etengabeko apalkuntzak, loa sistematikoki kentzea, ingurune beldurrezko giroa, ekintza familiarteko eta lagunetara zabaltzeko mehatxuak, besteen oihu errealak edo grabatuak jasanaraztea». Ildo beretik, Landak esan du beste «ohiko jokabide eredu» bat antzeman dutela: zehazki, giza eskubideen urraketak ikertzeko eginbeharra ez dela bete sarri.

Emakumeen aurkako indarkeria sexualari buruzko testigantzak ere jaso dituzte dokumentuan: Balmasedak «genero motiboengatiko apalkuntzaren osagai erantsi» gisa definitu du, eta hor zerrendatu dituzte «indarkeria, ukitze, gehiegizko miaketa, motiborik gabeko biluztasun, eta abarretarako mehatxuak».

Batzordearen gomendioak

Gainera, batzordeak zenbait gomendio zerrendatu ditu agirian. Lehenik, «elkarrizketatutako biktima gehienen sentipenak jasoz», instituzioei gomendatu die biktima horiek aitortzeko ekitaldi bat egitea urtero. Horrez gain, aholkatu du «beharrezko neurriak» har daitezela, ziurtatzeko urraketak ez direla berriro gertatuko eta biktimen memoria gordeko dela; eta, horretarako, Ebaluazio Batzordeak proposatu du batzordeak berak bide orri bat osatzea neurri zehatzekin.

Era berean, ordezkari politikoei gogorarazi die gai horren inguruko «eztabaida demokratikoa» beharrezkoa dela eta eztabaida hori «biktimen aldeko begiradak» zuzendu behar duela, «birbiktimizazioak» eragozteko. Gainera, batzordeak aurretik duen «lan handia» aintzat hartuta, batzordeak eskatu du giza baliabideak areagotzeko bere lana gauzatu ahal izateko. Eta, kasu gehiago azaleratu daitezen, Jaurlaritzari eskatu dio kanpaina publiko bat egin dezala propio 12/2016 legearen edukien inguruan, aitortza hori jasotzeko jarraitu beharreko prozedura helaraz dadin biktimengana. Azkenik, batzordeak beharrezko jo du 12/2016 legearen jarduera eremua kasuistika eta epe zabalago batzuetara hedatzea.

«Izozmendiaren punta»

Alderdietako ordezkariek hitz egin dute gero. Esaterako, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak batzordekideak zoriondu ditu: «Legeak lau urte ditu, oztopo ugari izan dituzue bidean, baina baita lan ugari ere». Gaineratu du 1.017 eskariek «erronkaren neurria» ematen dutela. Julen Arzuagak (EH Bildu), berriz, «kualitatiboki eginiko lana» txalotu du, baina kezka agertu du kopuruengatik: «55 txosten daude, eta 1.000 eskari jaso dira; ematen du gutxi direla eskariak kontuan hartuta. Izozmendiaren punta dira 35 kasuak».

Miren Gallastegik (PSE-EE) nabarmendu duenez, biktima guztiek dute «egia, justizia eta erreparaziorako eta ez errepikatzeko bermeak jartzeko eskubidea», eta gaineratu du «ezerk» ez duela justifikatzen «hiltzea, bahitzea, estortsionatzea; ez proiektu politiko batek, ez gaizki ulertutako estatu auzi batek». Iñigo Martinezek (Elkarrekin Podemos-IU), berriz, baliabide gehiago eskatu ditu: «Hemendik aurrera, lana oso handia izango da. Baliabide ekonomiko eta pertsonalak behar dira; gomendioetan ageri da, eta babesten dugu».

Legearekin kritiko agertu izan da PP, eta Carmelo Barrio legebiltzarkideak elkartasuna adierazi die biktimei, baina aitortu du «errezelo horiek mantentzen» dituztela: «Epaileen funtzio batzuk asumitzen dira. Testigantzak jasotzeaz gain, badago ardura egozte bat, eta horrek sententzia sentsazio bat ematen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.