«Hiru hamarkada baino gehiago pasatu behar izan dira gaur beste egoera batez hitz egiten hasi ahal izateko». Espainia hegoaldean, Andaluziako kartzela bat baino ez da falta euskal presorik gabe geratzeko. Mikel Mundiñano Nafarroko Sareko kideak espero du datozen asteetan hori amaitutzat jotzea, baina gogorarazi du oraindik ere preso asko geratzen direla penintsularen iparraldean sakabanatuta. Horregatik, ezinbestekotzat jo du, «askatasunaz gabetzeko arrazoia edozein delarik ere», euskal preso guztiak Euskal Herriratzea.
Gaur, Nafarroako Sarek prentsaurrekoa eskaini du hemendik aurrera estrategia berria azaldu asmoz. Bertan, begirada atzera jo, eta gogora ekarri du 1987an ezarritako sakabanaketak sufrimendu handia eragin duela. Aldi berean, uste du espetxe politikan Espainiako Gobernuek izandako jarrera aldaketa «pertsona askoren esfortzuari» zor zaiola, eta bide horretan euskal gizarteak ekarpen handia egin duelakoan dago Mundiñano. Halaber, ETAk emandako urratsak eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako konpromisoek ere lagundu dutela azaldu du Iruñeko Sareren egoitzan egindako agerraldian.
Bidea luzea geratzen da mugarritzat jotzen duten helmuga horretara iristeko. «Orduan izango da, euskal presoak lehen aipatutako espetxeetatik ateratzen direnean eta guztiak hemen [Euskal Herrian] direnean, orduan hitz egin ahal izango dugu gure herrian bizikidetza normalizatzeaz»., nabarmendu du Mundiñanok. «Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko. Jakin badakigu eginahala zaila dela, baina beste urrats bat egiteko asmo irmoa dugu». Behin betiko urratsa «etxera ekartzeko bidea hastea» izango da.
Manifestaziorako deialdia
Hala, gizartearen aktibazioa eta mobilizazioa garrantzitsua delako, uztailaren 3an Gaztelugibeleko harresia inguratuko dute, Iruñean, 18:00etan aterako den manifestazioan. Ibilian-Ibilian etxerako bidean izango da leloa.
Legedia arrazoiak aipatu ditu Sarek, egun espetxean diren presoak etxerako bidean jartzeko estrategia berria azaltzeko. Izan ere, aspaldidanik aldarrikatutakoa gogoan, gaixotasun larria dutenek eta 70 urtetik gorakoek jada libre egon behar lukete, eta espetxean mantentzeak «ez du inongo justifikaziorik».
Aldi berean, Mundiñanok azaldu du espetxeratutakoen artean hamarretik bederatziri espetxe erregimeneko gradua «irizpide politiko hutsetan» aplikatu zaiela. Hala egin ez balitzaie, legedi arruntaren arabera, iraganean bigarren gradua onartua izango zuketen, eta egun hirugarren gradua lortzetik hurbil egongo ziratekeen, «kondena erdi-askatasunean betetzeko aukerarekin». Gainera, presoen heren batek jada beteak ditu zigorren bi herenak, eta, espetxe politika arrunta aplikatuta, baldintzapeko askatasuna izango lukete, Sareren arabera.
Zigorren gogortzea ekarri zuen 7/2003 lege organikoaren arabera epaitutako 60 preso daude. Lege horren ondorioz, 40 urteko zigorrak ezartzeaz gain, hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna lortzeko mugak gaindiezinak direla azpimarratu du. Kasu horietan, araudi arrunta aplikatzeko eskatu du Sarek.
Mikel Mundiñanoren arabera, espetxe politikan jarrera aldaketa hori eman arren, oraindik urrats ugari geratzen dira egiteko, eta bide horretan garrantzitsutzat hartu du «bizikidetza oinarri hartzea». «Gure herriak sufrimendu handia bizi izan duelako, bizitza asko galdu eta elkar ulertzeko zubi asko apurtu direlako, eta gizarte gisa berreraiki egin behar dugulako», arrazoitu du.